Prentsa oharra

Txikienek Zinemaldiaren Laguntzaile Ofizialak eskainitako sei filmez gozatu ahal izango dute.

Donostia Zinemaldiak haurrentzako bereziki pentsatutako sei filmen hautaketa bat aurkeztuko du, bigarren urtez jarraian, Amenabar enpresak –Zinemaldiaren Laguntzaile Ofizial ere badenak– babestuko duen sail batean.

Guztira, animaziozko bost film eta irudi erreala eta animazioa nahasten dituen film bat eskainiko dituzte. Animaziozkoak hauek dira: Alfonbra magikoa, Hodja eta bere alfonbra hegalariaren abenturak kontatzen dituena; Terra Willy: planeta ezezaguna, gazte bat, robot bat eta estralurtar bat protagonista dituena; Mr. Link: Jatorri galdua, mito eta munstroetan zentratutako ikertzaile bati buruzkoa; Playmobil: Filma, jostailu-fabrikatzaile ezagunaren unibertsoko bidaia liluragarria; eta Manou, kaio izan nahi duen enara txiki bati buruzkoa. Gainera, Pokémon Pikatxu detektibea Pokémon frankizia ezagunaren unibertsoan oinarritutako irudi errealeko lehen filma da.

Zinemaldiak dirauen bitartean, familientzako saioak programatuko dira asteburuetan Príncipe zinema-aretoetan. Film guztiak euskarara bikoiztuta egongo dira, Zinema euskaraz programaren esparruan Zineuskadiren lankidetzari esker. Donostia Zinemaldiak hiru hamarkada baino gehiago darama zinema txikienengana eramaten Haurrentzako Zinema sailaren bidez, eta bereziki eskertu nahi dio Amenabarri urte zail honetan Gipuzkoako familien aldeko eta publiko berriak sortzeko apustua egiten jarraitzea.

Amenabar taldeak, Zinemaldiaren Laguntzaile Ofiziala iaztik, ia 40 urteko ibilbidea du eta Espainiako sustatzaile garrantzitsuenetako bat da. Sustapen- eta eraikuntza-enpresa propioak izateaz gain, baliabide propioetako beste enpresa batzuk ere baditu (harrobia, asfaltoa, ekipo teknikoak eta lagin-fabrika, besteak beste). Sustapenean eta eraikuntzan espezializatua, esperientzia handiko konpainia da, 25.600 etxebizitza baino gehiago eraiki baititu, eta gaur egun 62 sustapen baino gehiago ditu Espainian. Gainera, Amenabarrek hainbat eraikin enblematiko egin ditu, besteak beste, Kursaal, Basque Culinary Center, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua, Tabakalera eta San Telmo Museoa.