Prentsa oharra

Zinemagile italiarrarekin batera, Marisa Fernández Armenteros, Michel Franco eta Lena Mossum.

‘The World to Come’ eta ‘Nomadland’ filmekin osatuko da Perlak Saileko zerrenda.

Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango da Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiburua. We Are Who We Are telesailaren mundu-estreinaldia lehiaketatik kanpo aurkeztuko du zuzendariak, eta epaimahaian izango dira, baita ere, Marisa Fernández Armenteros ekoizle espainiarra, Michel Franco zinemagile mexikarra eta Lena Mossum jantzi-zuzendari suediarra. Zinemaldiak aurki jakinaraziko du nor izango den Sail Ofizialeko bosgarren epaimahaikidea.

Luca Guadagnino (Palermo, Italia. 1971) zuzendari, gidoilari, ekoizle eta arte-ekintzailea da. 1999an zuzendu zuen bere lehen lana, The Protagonists (1999), Veneziako Mostran aurkeztua. Hauek ere zuzendu ditu: Melissa P (2005); Io sono l’amore (I Am Love, 2009), Jantzirik Onenen Oscarrerako eta Atzerriko Film Onenaren Golden Globe eta BAFTArako izendatua; eta A Bigger Splash (2015), zeinarekin Venezian lehiatu zen. 2017an bere arrakastarik handiena lortu zuen Call Me by Your Namerekin, zeinak Gidoi Egokitu Onenaren Oscarra irabazi zuen eta Film Onenaren Oscarrerako izendatu zuten. 2018an Dario Argentoren Suspiria filmaren remakea zuzendu zuen. We Are Who We Are bere lehen telesaila da, zortzi kapitulukoa, HBO-SKY plataformarako.

Gainerako sailen epaimahai batzuetan ere badaude oraindik baieztatu gabeko kideak.