Prentsa oharra

Streaming bidezko emanaldi irekia www.sansebastianfestival.com

Donostia Zinemaldiko European Film Forum jardunaldiaren hurrengo edizioa irailaren 22an (asteartea) 15:00etatik a 16:45era egingo da eta Zinemaldiaren webgunean emango da zuzenean; bertan, covid-19ak eragindako testuinguruan ikus-entzunezkoen Europako industriak aurre egin beharreko erronkei buruz hausnartuko da. Sakon aztertuko da, halaber, egoera horrek nola eragin dion ikus-entzunezkoen Europako sektoreari, kontuan izanik iraultza teknologikoaren eraginez lehendik ere jada eraldatzen ari zirela haren egitura eta negozio-ereduak.

Filmazioak eten, erakustaretoak itxi, eta ekitaldi eta jaialdiak bertan behera utzi zirenez, sektoreak geldialdia izan zuen hasieran, erakundeen eta profesionalen erreakzioa ekarri zuen horrek, eta erreakzio horren ondorioz, sektoreari laguntzeko neurri batzuk finkatu ziren, egoera gainditzeko eta jarduera lehengoratzeko.

Denbora-tarte horretan, gainera, streamingeko plataformen bidez eskainitako ikus-entzunezko gero eta eduki gehiago eskatu dituzte ikusleek (eskaeraren hazkuntza esponentziala izan da), eta fenomeno hori aztertzen ari dira ikus-entzunezkoen Europako negozio-eredua eraldatzeko prozesuaren esparruan eta ingurune digitaletan lehiatzeko gaitasunean.

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak Next Generation EU Lehengoratze Plan Europarra abiaraziz erreakzionatu du; Europar Batasuneko herrialdeen barnean covid-19aren ondorioz inpaktu ekonomiko handiena pairatu dutenei bereziki zuzenduta dago plan hori. Next Generation EU planak Europako herrialdeetarako funtsak eta maileguak barne hartzen ditu (betiere herrialde bakoitzak aurkeztutako Erreforma Plan Nazionalen arabera), eta ikus-entzunezko sektorea izango da plan hura abiarazten denean onura jasoko duten esparruetako bat.

European Film Forumek, gainera, Europako industria-sareak etapa berri honetan aurrez aurre izango dituen eraldaketa-ildo nagusiak landuko ditu, hala nola ikus-entzunezkoak babesteko politika publikoak negozio-eredu berrietara egokitzea; talentua sustatzea; ikus-entzunezkoen industria ahalduntzea; esparru juridiko eta fiskala berriz planteatzea eragile berrietara egokitzeko; eta garapen teknologikoaren aldeko apustu irmoa egitea eredu jasangarriagoak eta ekosistema digitalera egokitutako edukiak sortzeko.

Ildo horretan, Donostian egingo den European Film Forumaren edizio berriak analisi-jardunaldi bat izango du. Erakunde arautzaileetako eta funts nazional eta europarretako ordezkariak, elkarteak, streamerrak eta profesional independenteak bilduko dira bertan; euren ikuspegia azalduko dute eta sektorea leheneratzeko balizko neurriak aztertuko dituzte, baita etorkizuneko enpresa- eta lankidetza-irtenbideak ere.

Ekitaldiaren osagarri gisa, Zinemaldia & Technology jardunaldia egingo da, Donostia Zinemaldiak berrikuntza teknologikoari eta ikus-entzunezkoen sektoreari eskainitako gunea, Europa Creativa MEDIA programak babestua. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa europarrean hautatutako proiektuen aurkezpenean eta laster iragarriko den masterclassean oinarrituta egongo da programa.

PROGRAMA

AURKEZPENA ETA MODERAZIOA

  • AC Coppens, The Catalysts-en sortzaie eta CEO-a (Alemania)

AURKEZPENA – COVID-19AK IKUS-ENTZUNEZKOEN EUROPAKO SEKTOREAN IZANDAKO ERAGINA

  • Gilles Fontaine, Merkatu Informazioaren Departamentuko arduraduna Ikus-entzunezkoen Europako behatokian (Frantzia)

AURKEZPENA – NEXT GENERATION EU, LEHENGORATZE PLAN EUROPARRA. IKUS-ENTZUNEZKOEN EUROPAKO SEKTORERAKO AUKERA ONA

  • Miguel Gil Tertre, Inbertsio Estrategikoen eta Kohesioaren Unitateko buru ohia, Idazkaritza Nagusia, Europako Batzordea (Belgika)

1. PANELA: LEHENGORATZEKO PIZGARRIAK ETA NEURRIAK

Hizlariak:

  • Lucía Recalde, Ikus-entzunezko Industriaren eta Hedabideen Sustapenerako Programaren Unitateko arduraduna,  Europako Batzordea (Belgika)
  • Peter Dinges, FFA – German Federal Film Board-eko CEOa (Alemania)
  • Beatriz Navas, ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezkoen Artearen Institutuko zuzendaria (Espainia)

+ Q&A

2. PANELA: EUROPAKO INDUSTRIAREN ERALDAKETA BATERANTZ

Hizlariak:

  • Álvaro Longoria, European Producers Club taldeko presidentea. Morena Films ekoiztetxeko ekoizle eta bazkidea (Espainia)
  • François YonPlaytime taldeko (Frantzia) bazkidea eta Salmenten eta Negozio Garapenaren arduraduna
  • Álex Martínez Roig, Movistar+eko Edukien zuzendaria (Espainia)

+ Q&A

JARDUNALDIAREN ONDORIOAK