Prentsa oharra

Casting-zuzendari eibartarrak Euskal Zinemaren Galan jasoko du golardoa, irailaren 22an

Sara Bilbatua casting-zuzendariak jasoko du Zinemira Saria, Donostia Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek ematen dutena, euskal zinemaren alorrean nabarmena den pertsona ezagun baten aintzatespen gisa. Azken 25 urteotan, Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting-arduradun, eta Victoria Eugenia Antzokiak irailaren 22an (Zinemaldiaren 68. edizioaren ospakizunean) hartuko duen Euskal Zinemaren Galan jasoko du golardoa.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Psikologiako lizentzia lortu ondoren, Sara Bilbatuak (Eibar, 1958) arte dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo Laboratorio de Teatro William Layton zentroan. 1994an egin zuen lehen lana casting-zuzendari gisa, Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik osaturiko tandemak zuzendutako Justino, un asesino de la tercera edad filmean.

Ordutik, casting-arduradun ezagunenetako bat bihurtu da Espainian, Pedro Almodóvar (Todo sobre mi madre eta Hable con ella), Juanma Bajo Ulloa (Airbag), Mariano Barroso (Éxtasis eta Los lobos de Washington), Daniel Calparsoro (Salto al vacío), Isabel Coixet (Los que aman), Julio Medem (Los amantes del círculo polarLucía y el sexo eta Caótica Ana), Jaime Rosales (La soledadPetra), Guillermo del Toro (El espinazo del diablo eta El laberinto del fauno), David Trueba (La buena vida), Carlos Vermut (Magical Girl eta Quién te cantará) eta beste zinemagile batzuekin batera egindako lanari esker.

Tanami Casting izeneko bere agentziaren bitartez telebista-proiektu ugaritan hartu du parte, hala nola hauetan: La línea invisibleVelvet ColeccciónTiempos de guerraRefugiadosGran ReservaGran HotelAmar es para siempreMaitena. Estados alteradosLa señora; eta Hermanos & detectives. Gainera, 2004an El aire que respiro idatzi eta zuzendu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak katalogoan sartu zen film labur bat.

Bilbatuak Zinemira Saria jasoko du Euskal Zinemaren Galan, eta Bizimina ere emango da gala hartan, Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendutako film laburra, dokumentala eta dantza hibridatzen dituena, pandemia-garai hauetan suspertuko duen kontakizun bat eratze aldera.

Orain arte, Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztanbidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramón Agirrek (2018) eta José María Txepe Larak (2019) jaso dute ohorezko goladoa.