Prentsa oharra

Donostia Zinemaldiko sailek Cannes 2020ko hautaketako hamazazpi lan bildu dituzte

Danielle Arbid, Šarūnas Bartas, Naomi Kawase, Dea Kulumbegashvili, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileak Sail Ofizialean lehiatuko dira

Fernando Truebaren ‘El olvido que seremos / Forgotten We’ll Be’ filmak lehiaketaz kanpo itxiko du Zinemaldia.

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa irailaren 18tik 26ra egingo da, eta Cannesko Zinema-jaialdiaren 73. edizioak (azkenean Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta bertan behera utzi zenak) hautatutako hamazazpi lan jasoko dituzte Zinemaldia osatzen duten sailek euren programetan; zehazki, hamahiru film luze eta lau film labur izango dira. Cannesko Zinema-jaialdiaren zuzendari Thierry Fremaux-ek parte hartuko du Kursaalen egingo den inaugurazio-galan, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariarekin batera, Canneskoari ez ezik, koronabirusaren eraginez azkenean ezin egin izan diren gainerako zinema-jaialdiei omenaldia egite aldera.

Mundu osoan zinema-lehiaketa asko bertan behera geratu direneko urte berezi honetan, Cannesko Zinemaldiak hautaturiko filmetako batzuk programatzea eta ikusaraztea erabaki dute nola Donostiak hala Cannesek; izan ere, biek adiskidetasun- eta lankidetza-harreman estua dute duela hainbat urtez geroztik. Horri dagokionez, Sail Ofizialean eta New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest eta Culinary Zinema sailetan programaturiko lan horiek Danielle Arbid, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileenak dira, besteak beste. Film horiek guztiak “Cannes 2020ko hautaketa Ofiziala” zigiluarekin emango dira, eta Cannesko zinema-jaialdiak programatuta zituen zazpi film labur bilduko ditu Sail Ofizialak. Zehazki, hauek izango dira: Danielle Arbid zuzendari frantses/libanoarraren Passion simple, Annie Ernauxek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena; Sutemose / In The Dusk, oinarri belikoko drama bat, Šarūnas Bartas lituaniarrarena; Asa Ga Kuru / True Mothers, familia-mikrokosmosaren azterketa berri bat, Naomi Kawasek zuzendua; Été 85 / Summer of 85, nerabezaroko maitasun-istorioen kontakizun bat, François Ozon paristarrak egina; eta Druk / Another RoundThomas Vinterberg danimarkarraren film berria, esperimentu etiliko bitxi bati ekingo dioten irakasle batzuk dituena protagonista gisa. Zinemagile ospetsu horiez gain, Urrezko Maskorrerako eta palmares ofizialeko gainerako sarietarako hautagai izango da Dea Kulumbegashvili hasiberri georgiarra, zeinak Jehovaren lekuko batek eta haren familiak talde estremista baten aldetik pairatutako jazarpena kontatuko baitigu Dasatskisi / Beginning lanean. Gainera, El olvido que seremos Forgotten We’ll BeFernando Truebak Héctor Abad Faciolinceren izen bereko eleberrian oinarrituta zuzendutako filmak, lehiaketaz kanpo itxiko du Zinemaldia.

Halaber, Viggo Mortensenek Donostia Saria jasoko du aurten, Donostia Zinemaldiak ematen duen ohorezko golardorik garrantzitsuena; zehazki, aktore eta zinemagile estatubatuarrak Falling aurkeztuko digu, zuzendu duen lehen film luzea.

New Directorsen –zinemagileen lehen eta bigarren filmak aurkezteko sailean–, Cannes 2020ko hautaketaren hiru filmek hartuko dute parte: Suzanne Lindon paristarrak zuzendu eta antzezturiko 16 printemps / Spring Blossom, zeinetan gizon zaharrago batekin maitasun-istorio bat izatearen eta nerabezaroaz gozatzearen artean zalantzak dituen gazte baten rola egiten baitu Lindonek; Casa de antiguidades / Memory House, zeinetan Joâo Paulo Miranda Maria brasildarrak istorio fantastiko bat baliatzen baitu egungo Brasilen existitzen diren gizarte- eta arraza-tentsioak deskribatzeko; eta Limbo (lehiaketatik kanpo), kulturarteko satira bat, zeinetan Ben Sharrock britainiarrak errefuxiatuen zailtasun eta itxaropenei heltzen dien.

Zabaltegi-Tabakalera Zinemaldiko sail lehiakorrena da, eta ez dago ez araurik ez estilo- edo denbora-mugarik, eta Cannesko Zinema-jaialdiak film laburretarako duen lehiaketan bilduriko bi obra eskainiko dira bertan: Leonardo van Dijl belgikarraren Stephanie eta Sameh Alaa egiptoarrarenI am Afraid to Forget Your Face.

Perlak sailean, bestalde, kritikak txalotutako edota beste zinema-jaialdi batzuetan saritutako film luzeak biltzen dira, eta aurten ADN / DNA filma emango da sail horretan, Maïwennek zuzendu eta antzeztutako filma, aitonaren heriotzaren ondoren nortasun-krisia pairatzen ari den emakume bati buruzkoa; Culinary Zineman –zinema eta gastronomia uztartzen dituen sail ez-lehiakorrean–, Michael Dweck eta Gregory Kershaw estatubatuarren The Truffle Hunters programatu da, Piemonteko basoetan (Italian) Albako trufa zuri preziatuaren atzetik dabiltzan gizon zahar batzuei buruzko filma.

Nesten, Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, Santiago Barzi argentinarraren Muralla china eta Elsa Rosengren suediarraren I Want To Return Return Return filmak eskainiko dira. Bi lan horiek Cannesko Cinéfondation Selection hautaketan programatu ziren, non mundu osoko zinema-eskoletako film laburrak lehiatzen diren.

Cannesko zinema-jaialditik kanpo, Donostia Zinemaldiak Luca Guadagnino italiarraren telesaila –Covid-19aren eraginez azkenean bertan behera utzi zen Cannesko Quinzaine des Réalisateurs sailak programatua– erakutsiko du, lehiaketaz kanpo eta Sail Ofizialeko Emanaldi Berezi gisa. Gainera, Naïla Guiguet zuzendari frantziarraren Dustin film laburra –Zabaltegi-Tabakaleran ikusi ahal izango dena– ere bildu zuten Cannesko Semaine de la Critique sailaren film laburren atalean, bertan behera utzi baino lehen.