Prentsa oharra

Ikasturte politikoaren hasiera honetan, Donostiako EH Bilduk Eneko Goiaren Gobernuaren azken hilabeteetako kudeaketaren balantzea egin du gaurko prentsaurrekoan. Reyes Carrerek Covid-19ren ondorio sozial, ekonomiko eta sanitarioengatik markatuta egon den uda honetako balantzea egin du.

Sei hilabete baino gehiago igaro dira pandemia hasi zenetik eta, maila batean ulergarria izan zitekeen hasierako shock egoera gaindituta, zoritxarrez, esan behar dugu Eneko Goiak jarraitzen duela hiria kudeatzen krisi hau istripu iragankor bat balitz bezala. Honen ondorioz, udako hilabeteetan ez da zuzendu konfinamenduaren ondoren salatu genuen
kudeaketa txarra. Are gehiago, okerrera joan da. Izan ere, orain dagoeneko pandemia ez da nobedade bat, orain badakigu luzerako doala, baina Eneko

Goiak modu erreaktiboan
jarraitzen du. Bien bitartean, gure inguruko hiri eta herrietan, ikusten ari gara nola neurri proaktiboak hartzen ari direla datorrenari aurrea hartzeko. Hau da, Donostia atzean geratzen ari da.
Oso atzean.

Baina pandemia, desagertu beharrean, areagotzen ari da Donostian, eta ondorio larriak uzten ari da bai osasun publikoan baita familien ekonomian ere. Langabeziaren tasa duela 10 urteko krisi ekonomikoaren parekoa da, eta badirudi udazkenean okerrera egingo duela.
Horren aurrean, zer egiten du Eneko Goiak? Arlo gehienetan % 20ko murrizketak iragarri ditu, baina okerrena da bere hiri ereduarekin tematuta jarraitzen duela, hau da, turismoaren aldeko apustu itsuarekin, erdigunea indartuz auzoen kaltetan. Baina pandemia-garai honetatik irakaspen bat atera badugu, turismoan oinarritutako hiriekonomiaren ereduak oso ahulak direla izan da. Alegia, hiri gisa etorkizuna izan nahi
badugu gure eredu ekonomikoa dibertsifikatu behar dugu.

Asko dira Eneko Goiak azken aste eta hilabeteetan bere eskumeneko arloetan egindako kudeaketa txarraren adibideak. Batzuk aipatuko ditugu:

• Ikasturtearen hasieran gauden honetan, are nabarmenago geratu da Udala Donostiako ikastetxeak abandonatzen ari dela. Konfinamenduaren garaian salatu genuen Eneko Goiak ez zuela ezer egin on line klaseak jarraitzeko baliabiderik ez zuten Donostiako ehunka ikasleri laguntzeko (beste herri batzuetan egin zen hori).

Eta orain, berriz ere atzean geratzen ari gara, egoerari aurrea hartu gabe jarraitzen du Udal Gobernuak. Bitartean, gure inguruko Udalak ikastetxeen esku uzten ari dira zenbait espazio publiko irekiak (kaleak, plazak eta parkeak). Hemen ez. Hemen estalitako udal lokalen zerrenda bat pasatzera mugatu dira, zentro eta auzo bakoitzaren beharrak eta baliabideak zeintzuk ziren azterketa minimorik egin gabe. Zentroak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira indartu, inoiz baino beharrezkoagoa zenean.

• Ostalaritza-sektoreari dagokionez, neurri koertzitiboengatik kaltetuenetakoa izanda, neurri paliatibo batzuk hartu badira ere, neurri hauek ez dira iritsi establezimendu txikienetara, terrazarik ez dutenetara, etab. Udal Gobernua establezimendu handien laguntzera zentratu da, batez ere erdigunekoei.

• Bestalde, udan azaleratu den beste arazoetako bat izan da auzoetako jai
batzordeekin lankidetzarik ez dela egin. Eta, gainera, kultur programazioari dagokionez, itsas ertzetik kanpo ia ez da ezer programatu.

Baina nonbaiten suspentsoa merezi badu Eneko Goiak, pandemiaren garaian erakusten ari den Gobernantza ereduan da. Pandemia baino lehen hiriko eragile sozialekiko komunikazioa eta parte hartzeko bideak urriak ziren, baina orain Eneko Goia inoiz baino autokratikoagoa agertu da herritarren aurrean. Bere soka politikokoekin bakarrik hitz
egiten du.

Bere gobernantza-ereduaren adibide grafiko bat jarriko dugu: sei hilabetetan Eneko Goiak ez du udal talde guztiekin batera agerraldirik egiteko beharrik sentitu, adibidez, Donostiako herritarrei adierazteko pandemiari aurre egiteko orduan denok bat eginda gaudela. Gure inguruko beste hiri eta herri batzuetan ez bezala, Eneko Goiak oposizioarekin neurriak adostea saihestu du eta batasunaren argazkia saihestu du. Izan ere, elkarrizketa eta negoziazio pixka batekin denok ados egon gintezkeen neurriak aurkeztea oso posible izan da azken hilabete hauetako zenbait unetan. Azken batean, Eneko Goiak ez du ez ikuspegirik ez anbiziorik izan une honetan behar den lidergo politikoa erakusteko.

Gure aldetik, EH Bildu udal taldetik, datozen aste eta hilabeteei begira, hiriko eta auzoetako eragileekin eta herritarrekin adostutako neurriak proposatzen jarraituko dugu.

Pandemiaren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko neurriak aurkezten jarraitzea da gure asmoa, beti ere egoerari aurrea hartzeko borondatearekin. Izan ere, udal honen lehentasunak goitik behera aldatu behar dira. Orain gehien behar dutenei laguntzea izan behar da lehentasuna, hiri-eredua egoera berrira egokitzen dugun bitartean, jasangarriagoa eta orekatuagoa izan dadin zentzu guztietan: ekonomikoa,
soziala, ekologikoa, zaintza eredua, mugikortasunaren ikuspegitik, etab.