Prentsa oharra

Jon Maya eta Harkaitz Cano izango dira irekierako eta itxierako zeremonien zuzendaria eta gidoigilea, baita Donostia sariaren eta Euskal Zinemaren galetan ere.

“Distantzia” kontzeptua, gauden pandemia-aro honetan ahoz aho dabilena, eta zinema-aretoetara itzultzeko premia izango ditu hizpide bihar Kursaalen egitekoa den Donostia Zinemaldiaren 68. edizioaren inaugurazio-galak. Jon Maya dantzari eta koreografoa ariko da zuzendari, eta Harkaitz Cano idazlea arduratuko da gidoiaz.

Bi sortzaile gipuzkoarrak, halaber, Donostia sariaren eta Euskal Zinemaren galez arduratuko dira, zeinetan Viggo Mortensen aktorearen eta Sara Bilbatua casting-zuzendariaren ibilbideak aitortuko baitira hurrenez hurren. Amaierakoa ere diseinatuko dute azken edizioen bidetik, Zinemaldiak egile-galak sortzeko enkargua egin izan baitie beste artista batzuei, Borja Cobeagari eta Diego San Joséri, eta Borja Crespori, kasu.

Inaugurazio-galak ez du izango propio aurkezle gisa ariko den inor, aktore eta pertsona ezagunen talde bat -Cayetana Guillén Cuervo, Eneko Sagardoy, Miren Gaztañaga, Inma Cuevas-arduratuko baita parte-hartzaileen, sailen eta edukien aurkezpenez. Zuzeneko dantzak eta musikak garrantzi handia izango dute: Kukai konpainiako dantzariak ariko dira, Mayak berak zuzenduta, eta bost musikari ere bai, Luis María Moreno Urretabizkaia Piratak zuzenduta.

Zinema-aretoetara itzultzeko premian egingo da azpimarra, orain gutxi ireki baitira konfinamendu-hilabeteak igarota, eta 68. edizioaren kartelean ageri diren loreei aipamen bat baino gehiago egingo zaio, June San Sebastián ilustratzaileak loreekin egindako animazioak tarteko.

Aurkezpen-oharretan Harkaitz Canok dioenaren arabera, “aurrez genituen ziurtasunak pitzatu, eta oinen pean amildegi bat ireki zaigula dirudien pandemia-garaiotan, distantzia hitzak duela hilabete batzuk imajinatzen zaila zen zentzua hartu du”. “Horregatik, irekiera galako ardatza horixe izatea gustatuko litzaiguke: distantzia. Banatzen gaituena, bai; baina baita salbu ipintzen gaituena ere”, dio idazleak.

Televisión Españolako La 2en, ETB1en, eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean zuzenean emango den galan, Sail Ofizialeko epaimahaiaren kideak aurkeztuko dituzte. Aurtengo presidentea Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango da. Gainera, COVID-19ak baldintzatutako edizio honetan, Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek Thierry FrémauxCannesekoaren zuzendaria oholtzara gonbidatuko du, hitz batzuk egin ditzan zinema-jaialdi frantziarraren eta koronabirusak bertan behera gerarazi dituen gainerako zinema-ekitaldien alde.