Prentsa oharra

Joe Alwyn aktore britainiarrarekin osatuko da Luca Guadagnino presidente ariko den epaimahaia

Elena Anaya, Candela Peña, Blanca Suárez, Paz Vega, Raúl Arévalo, Alejandro Sanz, Javier Cámara, Irene Escolar, Bárbara Lennie eta Roberto Álamo espainiarrek baieztatu dute berton izango direla.

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak gonbidatu-zerrenda luzea izango du, guztiak ere parte hartu duten filmak eta proiektuak aurkeztera etorriak hirira. Gaur-gaurkoz, bertaratuko direla baieztatu dute Hollywoodeko izar batzuek, Europako eta Latinoamerikako zinemako izar ezagunek, eta zinema espainiarraren eta euskal zinemaren ordezkaritza handi batek.

Izen ezagunenetako bat Johnny Depp da, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Sail Ofiziala, lehiaketan) dokumentalaren ekoizle-lanetan aritu dena oraingoan. Julien Templek zuzendutako dokumentalak The Pogues taldeko buru Shane MacGowan du hizpide. Zuzendaria aurkezpen-emanaldietan egongo da. Aurten, gainera, beste film musikal bat dago Sail Ofizialean, El gran Fellove (emanaldi berezia, lehiaketaz kanpo), Matt Dillonek zuzendua. Dillon Donostiara itzuliko da Donostia saria jaso zuenetik 14 urte igaro diren honetan. Zuzendari-lanak ere hartu dituen Viggo Mortensen aktoreak jasoko du aurten, hilaren 24an, ostegunarekin, Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari gorena, eta Falling aurkeztuko du, estreinako zuzendari-lana.

Woody Allenek, Rifkin’s Festival filmaren zuzendariak (Sail Ofizialaren inaugurazioa, lehiaketaz kanpo), New Yorketik bitarteko telematikoen bidez hartuko du parte biharko prentsaurrekoan. Emakumezko protagonistak prentsaurrekoan bertan egongo dira: Gina Gershon estatubatuarra eta Elena Anaya espainiarra.

Sail Ofizialean, lehian ariko dira zinemagile europar hauek: Danielle Arbid (Passion simple), Laetitia Dosch eta Sergei Polunin aktoreekin; Šarūnas Bartas (Sutemose / In The Dusk); eta Harry McQueen (Supernova). Dea Kulumbegashvili zinemagile georgiar hasiberria ere (Dasatskisi / Beginning), Urrezko Maskorraren lehian sartuko da. Gainera, Luca Guadagnino epaimahai ofizialaren presidenteak We Are Who We Are telesaila aurkeztuko du emanaldi berezian, lehiaketaz kanpo. Epaimahaia, bestalde, osatuta geratu da bosgarren kidearekin, Joe Alwyn aktore britainiarrarekin.

Beste sail batzuetan hartuko dute parte hauek: Suzanne Lindon zuzendari eta aktoreak eta Arnaud Valois aktoreak (16 printemps / Spring Blossom, New Directors); Philippe Garrel zinemagileak eta Louise Chevillotte aktoreak (Le sel des larmes / The Salt of Tears, Zabaltegi-Tabakalera); Adilkhan Yerzhanov zuzendariak (Zheltaya koshka / Yellow Cat, Zabaltegi-Tabakalera); Maïwenn zinemagile eta aktoreak (ADN / DNA, Perlak); eta Florian Zeller errealizadoreak (The Father (Aita), Perlak). 

Latinoamerikako zinemak ordezkari hauek izango ditu: Pablo Agüero zinemagilea (Akelarre, Sail Ofiziala), Eduardo Crespo (Nosotros nunca moriremos / We Will Never Die, Sail Ofiziala), João Paulo Miranda Maria (Casa de antiguidades / Memory House, New Directors), Santiago Loza (Edición ilimitada / Unlimited Edition, Horizontes Latinos), Clarisa Navas (Las mil y una / One in a Thousand, Horizontes Latinos), Maite Alberdi (El agente topo / The Mole Agent, Perlak) eta Michel Franco (Nuevo orden / New Order, Perlak). Jayro Bustamante zuzendaria ere Donostian izango da (Horizontes sariaren epaimahaiaren presidente), baita Mariana di Girolamo aktorea ere, iaz Ema aurkeztu ostean, aurten Leonardo Medel zuzendariarekin datorrena (La Verónica, Horizontes Latinos).