Prentsa oharra

Gipuzkoan eskola erizainik ez dagoenez, COEGI ikastetxe eta gurasoen esanetara jarri da, une hauetan eskolako osasunaren inguruan behar izan dezaketen edozein informazio, jarraibide edo aholkularitza emateko.

Osasunerako heziketan duen eginkizunaren barruan, eta Gipuzkoak diharduten 5.000 erizain baino gehiago ordezkatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea den heinean, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) jakinarazpen bat helarazi die Gipuzkoako ikastetxe eta guraso elkarteei, horien esanetara dagoela adierazteko, eskolako osasunari lotutako edozein zalantza, kontsulta edo eskariri erantzuteko.

Jakinarazpenean, Elkargoaren koordenatuak emateaz gain, (943445672) telefonoa, (info@coegi.org) maila, (617658141) WhatsApp edo sare sozialak, COEGIk hainbat material informatibo helarazi dizkie ikastetxeei, infografia, bideo edo gida moduan, eskolara itzultzeko garaian COVID-19a prebenitzeko gomendioekin. Halaber, Elkargoak espazio berri bat prestatu du www.coegi.org webgunean, zehazki “Eskola Osasuna” lantzen duena.

COEGIk azpimarratzen duenez, ohartuta daude koronabirus garaian ikastetxera itzultzeak zailtasunak dituela, eta gogorarazi dute Gipuzkoan ikastetxe bakar batek duela eskola erizaina, Elkargoak sarritan eskatu duelarik figura hori egotea. Gure lurraldean eskola erizainik ez dagoenez, COEGI, erakunde moduan, ikastetxe, irakasle eta gurasoen esanetara jarri da, une hauetan eskola osasunaren inguruan behar izan dezaketen edozein informazio, jarraibide edo aholkularitza emateko.

Ildo horretan, Elkargoak eskolako erizainak ikastetxean hainbat arlotan garatzen dituen eskumenetako batzuk gogorarazi nahi ditu:

  1. Asistentziala: lehen arreta ikastetxean hasten diren gaixotasun prozesuetan, oinarrizko arreta eskolako istripuetan, patologia kronikoa duten edo zaintza behar duten haurrentzako arreta, larrialdi egoeretan jardutea, tratamenduak ematea (egunerokoak, noizbehinkakoak eta urgentzia egoeretakoak).
  2. Hezitzailea: osasuna eta ohitura osasungarriak sustatuz, ikastetxeko langileak prestatuz, eta patologia kronikoa duten ikasleak heziz.
  3. Ikerketa: ikasleen beharrei erreparatuz, ezagutza profesionalak zabalduz eta sakonduz, eta eskolako ohiturak aztertuz.
  4. Kudeaketa: eskolako erizainak hainbat lan egiten ditu, hala nola erizaintzako kontsultaren logistika, osasun fitxak erregistratzea eta eguneratzea, eguneroko gertakariak jasotzea eta urteko memoria egitea.