Prentsa oharra

EH Bilduk galdetegi bat helarazi die ikastetxeei, euren eskariak bertatik bertara ezagutzeko, eta lehen emaitzek Udal Gobernuaren zabarkeria agerian utzi dute.

Pandemiak bete-betean jo du hezkuntza sistema lehen egunetik. Hezkuntza-komunitateak, oro har hartuta (irakasleak, ikasleak, gurasoak, zerbitzuetako langileak, garbitzaileak, hezitzaileak), arazo asko pairatu zituen konfinamenduan eta deseskalada prozesuan. Eta ikasturtearen hasieraren data guztiz ezaguna zen arren, administrazio publikoak etxeko
lanak egin gabe harrapatu ditu. Hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada ere, gogoratu behar da udalek eskumen asko dituztela arlo horretan. Zehazki, Eneko Goiaren Gobernua arduratzen da ikastetxeak egokitzeaz eta mantenua egiteaz, baita beste kontu batzuez ere.

Sei hilabete igaro direnean ikasgelak itxi zirenetik, eta ikasturtea berriaren egun batzuk igaro direnean, salatu beharra dago Eneko Goiaren Gobernuak ez duela ia ezer egin Donostiako ikastetxeei eta hezkuntza-komunitateei laguntzeko. Donostiako ikastetxeak alkatearen eta Hezkuntza zinegotziaren begietara desagertu egin dira. Ez da soilik pandemiaren ondorioak arintzeko programa berezirik aktibatu ez izana, zentroekin hitz egiteko ere ez dira gai izan. Errealitateak fikzioa gainditzen duela diote, eta errealitatea
gordina da Donostian: Udal Gobernua, hezkuntzari dagokionez, abarkerian erortzen ari da.

Konfinamendu garaian, gobernuaren pasibotasunaren aurrean, eta beti ekarpen positiboa egiteko borondatearekin, EH Bildu hainbat ikastetxerekin harremanetan jarri zen euren
beharrak ezagutzeko, batez ere arrakala digitalari zegokienez. Udal talde honek bildutakodatuek, ekaineko osoko bilkuran azaldu genituenak, oso egoera gordina azaleratu zuten:

Donostiako ehunka ikaslek ez zuten ordenagailurik eta/edo Interneterako sarbiderik. Eta are okerragoa dena, ikastetxeek esan ziguten udalak ez zituela bere eskaerak aintzat hartzen eta beren poltsikotik ari zirela materialaren gabeziak betetzen.

Batek, bere inozotasunean, pentsa zezakeen hilabete hauetan guztietan udalak bere etxeko lanak egiten ari zela eta ikastetxeekin batera ikasturte berria prestatzeko bere eskuetan zegoen guztia egiten ari zela. Baina ez. Eneko Goiaren Gobernuak hezkuntzari eskaini dion denbora bakarra kiroldegien eta kultur etxeen zerrenda egiteko behar den denbora izan da. Jakina den bezala, Eudelek, ikasturtea hasteko egun batzuen faltan,
ezarritako osasun baldintzak betetze aldera, udal guztiei udal espazio publikoen zerrenda eskatu zuen. Zerrenda hori bidali dute, besterik ez. Eta ikastetxeekin hitz egin gabe, auzoetako egoera ezagutu gabe, eta beharrak ezagutu gabe.

EH Bildu, hezkuntzaren arloan ekarpen positiboa egiteko bere bokazioarekin jarraituz, Donostiako ikastetxeekin galdetegi bat partekatzen ari da. Galdetegi horretan, udaleskumeneko hainbat gairi buruz galdetu diegu:
• Ea Udal Gobernuak espazioak eskaini dizkien ikasleak birkokatzeko
• Ea Udal Gobernuak gune horiek eskatzeko edo kudeatzeko protokoloren bat jarri duen martxan
• Ea arrakala digitalari aurre egiteko neurriak eskaini dituen
• Ea Udal Gobernuak mugikortasunaren arloko neurriren bat hartu duen, ibilbide seguruak edo bizikletaren erabilera indartzeko.
• Ea garbitzeko eta desinfektatzeko neurri osagarriak eskaini dituen.
Oraindik erantzun guztiak jaso ez ditugun arren, dagoeneko esan dezakegu erantzun gehienak negatiboak izaten ari direla, auzo guztietako zentro guztietan. Eta, berriro diogu, okerrena zera da: ikastetxerekiko komunikazioa ia ez da existitzen.

EH Bildurentzat lehentasunezkoa da ikastetxeetara modu seguruan eta adostuan itzultzea. Donostiari dagokionez, beraz, jarrera aktiboa eta prokatiboa mantentzen ari gara lehen aipatutako helburuak betetze aldera: udalen espazio irekiak eta itxiak ikastetxeen eskura jartzeko, mugikortasun segurua sustatzeko, garbiketa indartzeko eta arrakala digitalari
aurre egiteko neurriak hartzeko. Baina, batez ere, Udal Gobernuak ikastetxeekin eta hezkuntza-komunitateekin lankidetzan aritzea eta haien eskaerei erantzutea eskatzen dugu. Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran. Espero dugu Udal Gobernua sostengatzen duten taldeek orain arte erakutsitako jarrera aldatzea eta
gainerako eragileekin batera arraunean hastea.