Prentsa oharra

Lucía Chicotek, Fernando San Martínek eta Cristina Ubanik osatutako epaimahaiak emango dio saria garapenari ekarpen handiena egin dion film iberoamerikarrari

Saria 68. Donostia Zinemaldiaren amaierako galan emango dute, irailaren 26an.

Donostia Zinemaldiko 68. edizioan programatutako bost film sartu dituzte Espainiako Lankidetza Saria eskuratzeko lehian. Sari hori Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) ematen du, zeina Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mende dagoen. 2015. urtetik, urtero ematen zaio saria giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako (Espainiako eta Portugalgo filmak ere sartzen dira)  filmaren ekoizleari.

Lucía Chicote izango da epaimahaiburua –AECIDeko Erdialdeko Amerikako, Mexikoko eta Karibeko Lankidetzarako Departamentuko burua da bera–, eta epaimahaikide izango dira Fernando San Martín, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Nazioarteko Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako Departamentuko Nazioarteko Lankidetzako zuzendari nagusia, eta Cristina Ubani, erakunde publiko eta pribatuetako garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren aldeko proiektuen aholkularia.

Espainiako Lankidetza Saria Sail Ofizialean, New Directors sailean edo Horizontes Latinos sailean parte hartzen duen Iberoamerikako film bati ematen zaio. Sariaren helburua da Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetza-balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.

Sariaren seigarren edizioan, Donostia Zinemaldiaren eta AECIDen arteko lankidetzari esker, saria 10.000 eurokoa izango da.

Espainiako Lankidetza Saria irailaren 26an emango da ezagutzera Kursaalean egingo den amaierako galan.

ESPAINIAKO LANKIDETZAREN VI. SARIRAKO HAUTAGAIAK

Hautagaietako bat, Eduardo Cresporen Nosotros nunca moriremos We Will Never Die (Argentina) da, Sail Ofizialekoa, eta beste bat, Isabel Lambertiren La última primavera Last Days of Spring (Holanda-Espainia), New Directors sailekoa. Gainera, Horizontes Latinos saileko hiru film ere sartu dira saria eskuratzeko lehian: Carolina Moscosoren Visión nocturna / Night Shot (Txile); Caetano Gotardoren eta Marco Dutraren Todos os mortos / All The Dead Ones (Brasil-Frantzia) eta Fernanda Valadezen Sin señas particulares / Identifying Features (Mexiko).