Prentsa oharra

José Luis Rebordinos, 68. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan: “Filmak zinema-aretoetan zuzenean ematearen aldeko apustu argi eta garbia dugu”

Thierry Frémaux: “Zinema ez da inoiz hilko”

Woody Allen: “Espero dut zuei filma gustatzea, guri Donostian egotea eta filmatzea gustatu zaigun beste”.

Rifkin’s Festival lanak inauguratu du 68. Donostia Zinemaldia, Woody Allenen komedia erromantiko berriak, eta inaugurazio-galan bi ardatz nagusitu dira: distantzia, kontzeptu giltzarria pandemia-garaietan, eta zinema-aretoetara bueltatzeko premia. Gaurtik hilaren 26ra (larunbata) hirian 142 lan erakutsiko dira (film luzeak, laburrak, erdimetrajeak eta serieak) eta zinema-industriako hainbat ekitaldi egingo dira, bai online, bai aurrez aurre.

Elena Anaya eta Gina Gershon aktoreak, Rifkin’s Festival filmeko protagonista emakumezkoak, Kursaaleko zeremonian egon dira, Jaume Roures ekoizlearekin batera. 2004. urtean Donostia Saria jaso zuen Woody Allenek, berriz, New Yorken, Central Parken, grabatutako bideo baten bidez parte hartu du.

Filma iaz grabatu zuten, Donostia “eder eta fotogenikoan”, eta Zinemaldia bera da testuingurua. “Hiriari buruz ezagutzen nuen bakarra zen, eta istorioa horregatik idatzi nuen Zinemaldian girotuta”, esan du Woody Allenek. Allenek Donostia Zinemaldiko lehiaketa lehendik ere ezagutzen du, aurretik Melinda and Melinda (2004) eta Vicky Cristina Barcelona (2008) lanekin etorri baitzen. Penatuta agertu da, pandemia dela-eta Donostiara etorri ezin izan delako, eta azaldu du jendeak bere film berriarekin disfrutatzea espero duela: “Espero dut zuei filma gustatzea, guri Donostian egotea eta filmatzea gustatu zaigun beste”.

ELKARTASUNA ZINEMA-JAIALDIEI

José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak berretsi egin du Donostiak zinemaren industriarekin duen “konpromisoa”, sinetsita baitago “zinema- jaialdiak, topagune eta bizipenak elkarrekin partekatzeko tokiak diren aldetik, beharrezkoak” direla. Halaber, “filmak zinema-aretoetan zuzenean ematearen aldeko apustu argi eta garbia” berretsi du, “filmak ikusteko tokirik onenak baitira”. “Denok zinema-aretora bueltatzeko unea da”, aldarrikatu du.  

Bestalde, Rebordinosek elkartasuna azaldu die “bertan behera geratutako jaialdiei, baita denontzat guztiontzat berria den egoera honetan ahalegin handiz aurrera egin dutenei ere”. Cannesko zinema-jaialdia dago COVID-19 gaitza dela-eta bertan behera geratu direnen artean, eta Thierry Frémaux jaialdi horretako zuzendariak ere parte hartu du galan.

Thierry Frémauxek, bere diskurtsoan, Donostia Zinemaldiaren babesa eskertu du; izan ere, Cannesko jaialdirako programatuta zeuden 17 lan emango dira Donostia Zinemaldian aurten. “2020an 125 urte ospatzen dira Lumière anaiek zinematografoa eta zinema aretoa asmatu zituztenetik. Gaur mehatxua aretoen gainean dago, etorkizuna plataformena ere bada, baina Lumière-tarrek hemen denok batera egingo duzuena nahi zuten: pelikula bat pantaila handian ikusi eta emozioak partekatu. Zinema ez da inoiz hilko”, esan du.

Gero, Luca Guadagnino zinemagileak hartu du hitza. Bera da epaimahaiko burua, eta Epaimahai Ofizialeko gainerako kideek lagunduta agertu da: Joe Alwyn, Marisa Fernández Armenteros, Michel Franco eta Lena Mossum. Guadagninoren arabera, elkarrengandik bereizita eta bakartuta egotera behartu gaituzten urte honetan, zer hoberik zinemaren “esperientzia kolektibo eta partekatzailea” ospatzea baino; haren hitzetan, zinemak “gure iruditeria argitu behar du, ikuskari ausart, kritiko eta konplexurik gabeekin”.

MUSIKA, DANTZA ETA LOREAK

Zeremonian musika- eta dantza-ikuskizun bat ere izan da zuzenean, “hunkigarria, jostagarria, argitsua, dinamikoa eta korala”, ikuskizunaren sortzaile Jon Maya koreografoak eta Harkaitz Cano idazleak ordu batzuk lehenago adierazi zutenez. Cayetana Guillén Cuervok, Miren Gaztañagak, Inma Cuevasek eta Eneko Sagardoyk bete dituzte aurkezpen-lanak, eta saioan loreak non-nahi zeuden Zinemaldiaren kartelean Willem Dafoek duenari keinu bat eginez.

Preseski, Where Have All the Flowers Gone? Pete Seeger musikariak betikotutako folk himnoa izan da galako haria, baina izan da, halaber, tokirik rockerako, Queenen Bicycle Race abestiaren bertsioarekin edota Rafael Berrio musikari donostiarraren No pienso bajar más al centro abestiarekin, haren hilondoko oroitzapen gisa, eta Rifkin’s Festival filmean ageri ez diren Donostiako kanpoaldeko irudiak erakusteko ere balio izan du.

Balkanetako musika eta New Orleanseko jazza ere entzun da, ezpata-dantzarekin nahasita: Kukai dantza-konpainiak dantzatu du, Luis María Moreno Urretabizcayak (Pirata) gidatutako boskotearen musikak lagunduta. Umore- eta poesia-ukituak ere ez dira falta izan, eta Jon Mayak, galako eta Kukai dantza-konpainiako zuzendariak, aurresku hunkigarria dantzatu du José María Ribaren ohorez. Riba 1980tik, antolakuntza-taldean sartu zenetik, funtsezkoa izan zen Donostia Zinemaldiaren historian.