Prentsa oharra

Lehentasun sozialen inguruko hiru ekimen aurkeztuko ditu biharko plenoan Olaia Duartek.

Bihar egingo da ikasturte politiko berri honen lehen osoko bilkura. Orain, inoiz baino gehiago, talde politikook herritarren beharrak entzun behar ditugu, segurtasuna eman eta gardentasun osoz jokatu. Eta epe luzerako zein motzerako neurriak hartu behar dira, alde batetik, Donostiako eredu ekonomikoa orekatuago bihurtzeko, eta bestetik, premiazko erabakiak hartu behar dira, inor atzean gera ez dadin. Izan ere, gero eta pertsona gehiagok, zoritxarrez, gizarte-laguntzetara jo behar izan dute bizirauteko (pandemia hasi zenetik % 33 gehiago, Udal Gobernuak emandako
azken datuen arabera).

Zentzu horretan, hainbat eragile mobilizatu dira egunotan hirian, euren beharrak kontuan hartzeko eskatuz. Beharrak agerikoak dira, eta pandemiaren ondorioz donostiar askok eta askok bizi duten egoera, kasu askotan, dramatikoa da. Beraz, administrazio publikoek behar hauei aurre egitek neurriak eta planak areagotu behar dituzte, lehentasun ekonomikoak ondo finkatuz, jakitun baliabideak mugatuak direla.

Baina zer egiten du Eneko Goiaren Udal Gobernuak? Nola kudeatu ditu indarrean dauden 2020ko aurrekontuak? Nola elaboratzen ari da 2021ekoak? Aurreikuspen ekonomikoen inguruko informazio oso urria jaso dugu talde politikook, arina eta orokorra. Horrek erakusten du
inprobisazio eta arbitrariotasun dosi askorekin kudeatzen ari direla.

Dakiguna da Udal Gobernuak 2020ko aurrekontuan jasota zeuden hamarnaka egitasmo murriztu egin dituela, zalantzan jarri dituela, edo, zuzenean, ez gauzatzea erabaki duela; hala nola Morlanseko ikastetxeko egitasmoa, etxebizitzak birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak, 2020ko laguntzen deialdiko lerro batzuen dirulaguntzak, Matigoxotegiko futbol zelaiko soropila berritzea, hainbat auzotako festen dirulaguntzak, Ekialdeko Barrutiaren 2019ko aurrekontuko soberakina eta 2020ko aurrekontu osoa, euskara ikasteko herritarrentzako 2021eko
dirulaguntza saila, Merkearreko futbol zelaia… Beste proiektu batzuk, ordea, ez dira gelditu (uharteko itsasargia…).

Azken batean, herritarrek eta talde politikoek ez dakigu nola dauden udal-kontuak eta zergatik gelditzen diren proiektu batzuk eta zergatik beste batzuk ez.

EH Bilduk, 2021eko aurrekontuari begira, lehentasunak zehazteko unea dela uste du, inprobisaziorik eta arbitrariotasunik gabe. Horretarako, aurrekontu-lehentasunak ondo erabaki behar dira. EH Bilduren lehentasunak honako hauek izango dira: Hezkuntza segurua, arlo sozialean
murrizketarik ez, kolektibo ahulen eta langile prekarioen zaintza sistema hobetzea, eta ekonomia sustatzeko eragileekin batera lan egitea.

Hori izango da gure planteamendua biharko osoko bilkuran onartuko diren udal tasa eta zergen eztabaidan, eta hori da, halaber, 2021erako aurrekontuen negoziazioari begira dugun jarrera.

Baina, diogun bezala, epe ertain-luzera begiratzearekin batera, une honetan dauden premia larriei ere erantzun behar zaie.

Helburu horrekin, EH Bilduk hiru proposamen eramango ditu biharko osoko bilkurara, eta onartuz gero, gaur egun hirian bizi ditugun egoera larrienetako batzuk arintzen lagunduko dute:


• ETXEKO LANGILEAK: sektore ekonomiko garrantzitsu bezala kontuan hartu beharra dago eta duintasuna eman. Donostian 2500 inguru dira sektore honetan lan egiten duten emakumeak eta gehienek martxotik abuztura ez dute ezer kobratu. Biharko plenoan eskatuko dugu Donostiako Udalak etxeko langileentzako laguntza osagarri bat sortu dezala Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Bereziko kideen kolektiboari osasun-alarmak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko. Errenterian, adibidez, horixe egin dute, 200 euro/hilabeteroko laguntzarekin, eta, horrela, Estatutik datozen laguntzak osatu.
• ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (SAD): adinekoak babestu nahi ditugu eta haiekin lan egiten duten emakumezkoak ere. Horregatik, sektore honentzat ere, prebentzioneurriak jasoko dituen agindu bat argitaratzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari. Baina agindua argitaratzen ez duen bitartean, behin-behineko protokolo bat zehazteko eskatuko
diogu Udal Gobernuari, baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langileei, sartzen diren langile berriei eta zerbitzura iristen diren erabiltzaile berriei PCR frogak egiteko. Ez da bidezkoa sektore honetan lan egiten duten 400 emakume donostiarrak, askotan egunean 5
etxetatik igarotzen dutenak, oraindik behar diren segurtasun neurririk gabe jarraitzea.
• ADINEKOEN EGOITZAK. Azkeneko egunetan Donostiako egoitzetako egoera okertzen ari da baina oraindik ez dago protokolo argi bat bisitak baimentzeko, egoiliarrekin nola jokatu jakiteko, etab. Hori dela eta, biharko udal batzarrean, Udal Gobernuari eskatuko diogu protokolo bat egiteko, Diputazioarekin elkarlanean. Protokolo horretan zehaztuko dira PCR
probak nola eta noiz egingo diren, zer pausu eman behar diren langile edo egoiliarren batek positibo emanez gero, zer irizpide epidemiologikoren arabera murriztuko diren irteerak, nola kudeatu behar diren “irteera terapeutikoak” delakoak, zer egin zuzeneko harremana positibo emanez gero, edota nola kudeatu egoiliarrak beste zerbitzu sanitario batzuetara bidaltzea eta, orobat, bakartze neurriak.

Laburbilduz, EAJren eta PSEren Gobernuak aukera izango du, bihar, bereziki zaurgarriak diren hiru talde horiekin konpromisoa hartzeko eta donostiar guztiei seguritatea eta kohesio-sozialaren aldeko irudi bat bidaltzeko, pandemiatik zerbait ikasi dugula erakutsiz eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko sistema duintzeko konpromiso sendoa dagoela erakutsiz.