Prentsa oharra

  • Lanbidea omenduz eta aitortuz, Erizainaren eta Emaginaren Nazioarteko Urtearekin bat eginda eta udal talde politikoek aho batez adostuta.
  • Erizainen plaza Kursaal Erakusketa eta Biltzar Jauregiko beheko terraza bezain leku enblematiko batean dago.
  • Inaugurazio ofizialean parte hartu dute hiriko alkate Eneko Goiak eta udal talde politikoen ordezkariek, Gipuzkoako erizain profesionalen ordezkariekin batera.

Gaur goizean egin da Donostian Erizainen plazaren inaugurazio ofiziala, izendapen horrekin hiriak lanbideari egin nahi dion omena adieraziz, hain zuzen ere, 2020an Erizainaren eta Emaginaren Nazioarteko Urtea ospatzen delarik.

Kokapen pribilegiatu batean, Donostiako Kursaaleko terrazetan, orain Erizainen plaza deritzana gune enblematikoa da hiriko bizitza sozial eta kulturalean, eta jende ugari hartzen du bisitan eta paseoan, donostiarrak zein bisitariak.

Izendapena aho batez erabaki zuten Donostiako Udaleko talde politikoek, eta horien ordezkariak inaugurazio ofizialean izan dira gaur goizean, zeinean Eneko Goia hiriko alkateak hitz egin duen.

Bere mintzaldian, alkateak azpimarratu duenez, ”ez zen zaila izan Udaleko talde politikoak ados jartzea hiriko txoko honi Erizainen plaza deitzeko. Aurtengoa Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea da, eta zer hoberik lanbide eta funtzio sozial honen aldeko aitortza hau baino, gu guztiok eta bakoitzak beti izaten dugulako horrekin harremanen bat uneren batean”.

Eneko Goiak, halaber, parte hartzaileei eskatu die “aitortza, jakina, erizainentzat, eta gu guztiok zaintzeko lan gogoangarria egiten duzuen profesional sanitario eta soziosanitario guztientzat. Txalo bero bat eurentzat”, esan du.

Erizainengana zuzenduz, alkateak gogorarazi duenez, “zuen funtzioa zeregin sanitariok haratago doa: psikologoak zarete, gaixoarekin enpatizatzen duzue, gaueko guardiak egiten dituzue, adorea eta kontsolamendua ematen duzue, lankideak zarete, lagunak, bizitzaren aldekoak, sufritzen ari dena ulertzen duzue, iluntasunean argitzen duzue… Plaza hau inauguratuta –amaitu du–, hiriak lanbiderik nabarmen eta sakrifikatuenetako bat errekonozitzen du, horri esker, gure penak eramangarriago bihurtzen baitira”.

Halaber, plazaren inaugurazio ofizialean, Gipuzkoako erizainak ordezkatuz, partaide izan dira Oihana Fernandez, Donostia Unibertsitate Ospitaleko erizaina; Oihane Etxabe, Zarauzko OZko emagina; Pilar Mendia, SATSE Erizaintza Sindikatuko Gipuzkoako probintzi idazkaria, eta Pilar Lekuona, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko lehendakaria (COEGI).

Horiek guztiek eskerrak eman dizkiete udal talde politikoei, Donostiako alkateari eta Kursaaleko arduradunei lanbidearekin izan duten keinuagatik, hiriko espazioetako bati Erizainen plaza deituz. Halaber, azpimarratu dutenez, “nahiz eta ohartuta gauden inola ere ez dela ospakizunetarako unea, pandemiaren ondorioz erizainak eta herritarrak ez direlako ondo pasatzen ari, plazaren inaugurazioak, ekitaldi xume honetan, COVID-19a iritsi aurretik hasi zen prozesu bati ematen dio buru, eta lanbide osoarentzako omenaldia da”.

2020, Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Eguna

Lanbidearen egoerari dagokionez, Nazioarteko Urtearekin bat eginda, euren mintzaldietan hau gogorarazi dute: Euskadiko, estatuko eta mundu osoko erizainek “kezka partekatzen dugu prestakuntzari buruz, arazoak ditugu lantaldeetan, eta laguntza desegokiak. Ez digute uzten gure konpetentzia guztiak garatzen, aukera gutxi edo bat ere ez daukagu gure lidergoa garatzeko eta zuzendaritzako rolak bete eta, oro har, politikan eragiteko”, adierazi dute.

Ildo horretan, erizain eta emagin diren heinean, azpimarratu dute “aurrean ditugun erronkarik garrantzitsuenetako bat komunitatearen bizitza sozialean eta politikoan inplikatzea dela. Halaber, beharrezkoa da erakundeen kudeaketa organoetan erizain eta emagin gehiago egotea, eta lan egiten dugun erakundeak gizatiarragoak izatea”.

Horren aurrean, gogorarazi dute erizainetan inbertitzeak eragin hirukoitza daukala: “herritarren osasuna hobetzen du, garapen ekonomikoa babesten du eta genero berdintasuna sustatzen du”.

Erizainek eta emaginek –esan dute amaitzeko– “gidatzen ditugu zainketak, profesional konpetenteak gara, autonomoak eta erabakitzaileak. Eta bada hori sinetsi dezagun garaia. Merezi dugun lekua betetzeko ordua da”.

Ekitaldian lekuak mugatuta egon dira pandemiaren ondorioz, baina bertan izan dira baita ere Manuel Cascos, SATSE Erizaintza Sindikatuko lehendakaria; Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendari gerentea; egunotan Donostian egiten ari den Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos; EHU/UPVko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ordezkariak, eta gipuzkoar erizainen ordezkariak.