Prentsa oharra

Viggo Mortensenek Zinemaldiaren Donostia saria jaso du Agustín Díaz Yanes zinemagilearen eskutik

Zuzendu duen lehen filma, ‘Falling’, aurkeztu baino lehen, Jeremy Thomas ekoizlearen, Beto Acosta futbolariaren eta David Cronenberg zuzendariaren agurrak jaso ditu aktoreak

Viggo Mortensenek Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Donostia saria jaso du gaur Kursaalean egin den gala batean. Gainera, zuzendu duen lehen filma, Falling, aurkeztu du aktore estatubatuarrak. “Zoriondu nahi zaituztet bizirik jarraitzeko duzuen zorte handiagatik eta hemen egonda zinemari erakusten diozuen maitasunagatik “, esan dio artistak publikoari, Agustin Diaz Yanes zinemagile madrildarraren eskutik saria jaso ostean.

Urduri eta hunkituta, aktore eta zuzendariak eskerrak eman ditu Donostia Saria “ederragatik”, zinemaren “historia luzea” islatzen duelako eta “adierazpen eta komunikazio tresna gisa promesa delako”. “Sari hau jaso duten artisten zerrenda ikusgarria ikusten dudanean, zorte handia sentitzen dut tradizio eta promesa horren barruan nagoelako. Ikasten eta nire lanbidean hobetzen jarraitzeko balioesten dut”, esan du.

Mortensenek egungo egoerari buruzko “gogoeta” batekin amaitu nahi izan du hitzaldia. “Era batera edo bestera, Covid-19ak denok izorratu gaitu eta luzaroan izorratzen jarraituko du, baina oztopo bat gehiago besterik ez da gure bizitzan. Ziurgabetasunarekin bizi izan gara beti, une honetan horretaz gehiago jabetzen bagara ere. Ziurgabetasuna bizi-legea da, baina ez dezagun ahaztu bizitza opari bat dela. Aurrera jarraitu behar dugu, bakarrik daudenei lagunduz eta jada ez daudenei ohore eginez, imajina dezakegunarekin ahalik eta hobekien joakatuz”, aldarrikatu du. Agur gisa, “Gora Donostia Zinemaldia!” euskaraz oihukatu eta “¡Viva el cine!” esanez bukatu du.