Prentsa oharra

Gaur prentsatik jakin ahal izan dugunez, ETSk metroaren lanak sine die gelditu ditu Easoko geltokiaren eta Mirakontxaren arteko zatian. Obraren arduradunen hitzetan, espero ez zuten “arazo” batekin topo egin dute tunela zulatzen ari diren eremuan eta “hondarra eta ur emariak agertu dira zulaketa egiterakoan”. Horren ondorioz, langileak kaleratu dituztela
jakinarazi dute. Eta zenbait iturrien arabera, proiektua berriz ere lizitatzeko aukera mahai gainean egongo litzateke dagoeneko.

Baina gaurko informazio hauek aipatzen ez dutena da proiektuaren akatsen ondorioz aurreikusten den gainkostua. Halere, abuztua hasieran EH Bildu udal taldeak iragarri zuen moduan, % 50 eta % 70 arteko gainkostuaz ari omen gara. Eta gogorarazi nahi dugu EasoMirakontxa zatia 53,2 milioi eurotan esleitu zitzaiola Sacyr-Cavosa-CampezoMariezcurrena-Zubieder ABEEari, ETSk aurreikusitako lizitazio-prezioa baino % 26
gutxiagoren truke.

Beste behin ere, metro-pasantearen obrekin zerikusia duen guztiarekin gertatzen den bezala, oraingoan ere iluntasuna eta gardentasun eza salatu beharrean gaude.

Joan den ekainaren 5ean Zubieta kalean zuloa agertu zenetik, EH Bilduk behin eta berriz azalpenak eskatu ditu egindako akatsengatik. Izan ere, gogoratu behar da ETSko arduraduna den Antonio Lopezek publikoki aitortu zuela “akats bat” egin zutela. Eta azalpenak eskatzearekin batera, behin eta berriz eskatu diegu EAJ eta PSEri dagozkien erantzukizun politikoak asumitzeko. Izan ere, “akats” honek diru publiko asko kostatuko
du, eta ezin dugu ahaztu “akatsaren” ondorioz pertsona askoren bizitza arriskuan jarri dela.

Beste aldetik, Eneko Goia alkateak Donostiako herritarrei helarazi nahi izan dien lasaitasun mezuarekin talka egiten dute gaurko albistek. Gogoratu behar da Goiak esan zuela ekainaren 5eko zuloa “susto” hutsa izan zela, dena “ondo konpondu” zela eta ez zela kezkatu behar ez bizilagunen segurtasunaz, ez langileen lan-baldintzez.

Beste behin ere, erantzukizun politikoak eskatu behar ditugu. Izan ere, oraindik inork ez du autokritikarik egin. Aitzitik, gaiari garrantzia kentzen eta benetako txapuza tekniko eta politiko honen inguruko erantzukizun politikoak saihesten saiatzen jarraitzen dute EAJ-PSEk. Diru publikoaren xahutze izugarri batez ari gara, metro pasantearen obretan egindako akatsa konpontzeko erabiliko dena, pandemiaren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko erabili beharrean.