Koprodukzio franko-georgiarrak, halaber, zuzendari onenaren, emakumezko aktore onenaren eta gidoi onenaren sariak jaso ditu
‘Druk / Another Round’ filmeko gizonezko aktore taldeak irabazi du gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta Epaimahaiaren Sari Berezia ‘Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan’ dokumental musikalarentzat izan da
Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Yuta Tsukinagak jaso du, ‘Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?’ lanarengatik.
Dasatskisi / Beginning koprodukzio franko-georgiarrak irabazi du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra, eta hiru sari gehiago ere eraman ditu: Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra Dea Kulumbegashvili hasiberriarentzat, Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra Ia Sukhitashvilirentzat eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria Kulumbegashvili berarentzat eta Rati Oneli filmaren koproduktore eta filmeko aktoreetako bat denarentzat.
Bestalde, Luca Guadagnino zinemagile italiarra presidente izan den epaimahaiak erabaki du Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra aktore bati baino gehiagori ematea; hain zuzen, Thomas Vinterberg zuzendariaren Druk / Another Round (Danimarka-Suedia-Herbehereak) filmeko aktoreei: Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe.
Gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia Julien Temple zuzendariak The Pogues taldeko liderrari buruz ondu duen dokumental musikalarentzat izan da: Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Erresuma Batua). Aktaren arabera, saria “Julien Templerentzat eta Shane MacGowanentzat da”, Johnny Deppek ekoitzitako filmak transmititzen duen “punk energia eder, poetiko, tinko eta haserretua” dela eta.
Azkenik, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria Yuta Tsukinagak irabazi du Takuma Sato zuzendariaren Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Japonia) film luzean egindako lanagatik.
BESTE SARI OFIZIAL BATZUK
Isabel Lambertik zuzendutako La última primavera (Herbehereak-Espainia) filmak bereganatu du Kutxabank-New Directors saria, eta sail horretako aipamen berezia Dong Xingyiren Gē shēng yuán hé màn bàn pāi (Txina) filmarentzat izan da. Horizontes Saria Fernanda Valadezek irabazi du Sin señas particulares (Mexiko-Espainia) lanarekin eta aipamen berezia Clarisa Navasek lortu du Las mil y una (Argentina-Alemania) filmarekin. Zabaltegi-Tabakalera saria Catarina Vasconcelosek irabazi du A metamorfose dos pássaros (Portugal) filmari esker eta aipamen berezia Hong Sang-sooren The Woman Who Ran-entzat (Hego Korea) izan da.
Euskal Zinemaren Irizar Saria David Pérez Sañudoren Ane-k (Espainia) irabazi du eta Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasen Non dago Mikel-ek (Espainia) aipamen berezia izan du. Donostia Hiria Publikoaren saria Florian Zeller-en The Father (Erresuma Batua) pelikulak eraman du eta Europako film onenaren Publikoaren saria, Maite Alberdiren El agente topo (Chile-AEB-Alemania-Herbehereak-Espainia) filmak. Halaber, Gazteriaren TCM Saria Ben Sharrocken Limbo (Erresuma Batua) lanarentzat izan da.
Dasatskisi / Beginning, Druk / Another Round eta Limbo Cannesko zinema-jaialdiko sail ofizialerako hautatuta zeuden, baina 73. edizioa bertan behera geratu zen koronabirusaren pandemia dela eta.
”ESKERRIK ASKO ZUEN BALDINTZARIK GABEKO ATXIKIMENDUAGATIK”Galan zehar, gainerako sarien berri eman dute; eta aurkezleek, Edurne Ormazabalek eta Juan Diego Bottok, ikusleen babesa eskertu dute. “Zinemaldiaren edizio bakoitza bakarra eta errepikaezina da, baina aurtengoa are gehiago izan da. Festarik, jendetzarik eta besaulkiz besaulki elkarri belarrira zerbait xuxurlatzeko aukerarik gabeko Zinemaldia izan da aurtengoa, eta esan behar dugu hunkitu egin gaituela publikoaren portaera eredugarriak. Eskerrik asko zuen baldintzarik gabeko atxikimenduagatik”, azpimarratu dute.
Ekitaldiaren ostean, El olvido que seremos / Forgotten We ‘ll Be film kolonbiarraren nazioarteko estreinaldia izan da. Fernando Truebak zuzendu du lana eta Javier Cámara du protagonista; Héctor Abad Faciolincek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da.
IRUSOIN POSTPRODUKZIO SARIALA MISTERIOSA MIRADA DEL FLAMENCO / THE MYSTERIOUS GAZE OF THE FLAMINGO (FLAMENKOAREN ITXURA MISTERIOTSUA)DIEGO CÉSPEDES (TXILE)