Prentsa oharra

Barkaiztegiko bidean, Lanbide Heziketako Institutu zaharraren sarreran, aspaldi legez kanpo utzitako hondakinak atzo bildu eta seguru asko gaur bertan eramango dituzte.

Ondo dago ondo amaitzen dena, baina bazen ordua! Izan ere, horrelako arazo bat konpontzeko hainbeste denbora pasatzea ez da inolaz ere normala, batez ere hondakinen artean uralita zegoela egiaztatu ondoren. Uralita, amiantoa, hondakin arriskutsua da, bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako. Izan ere, amiantoa biltzeko, garraiatzeko eta kontrolpean gordetzeko protokolo berezi bat jarraitu behar da.

Gogoratu Eguzkik otsailean eman ziola Udalari legez kanpo utzitako hondakin hauen berri (gero enteratu gara ordurako jakinaren gainean zegoela, lehenago ere Martuteneko bizilagun batek abisua pasatua ziolako). Abuztuan, sei hilabete igaro ondoren Udalak ezer egiten ez zuela ikusita, egoera publikoki salatu genuen. Geroztik, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu Udaletxean galdezka ibili dira. Gaia joan den asteko udalbatzan ere planteatzera iritsi ziren.

Ez zaigu normala iruditzen horrela ibili beharra Udalak berez, nolabait esateko “ofizioz”, konpondu beharko lukeen arazo batekin.

Baina, hau esanda, esan dezagun ere hondakinak nonahi botatzen ibiltzea ez dela inolaz ere normala, are gutxiago hondakin horiek arriskutsuak direnean. Horrela ibiltzen direnek kontuan izan behar dute, harrapatuz gero, beraientzat isun gogorrak aurreikusten dituela Hondakin Legeak. Zehatz-mehatz, 9.001 eta 300.000 euro bitarteko isunak, arau-haustea larria kontsideratzen bada, eta 300.001 eta 1.750.000 euro bitartekoak, arau-haustea oso larria kontsideratzen bada. Are gehiago, segun eta nola egiten den, hondakin arriskutsuak nonahi botatzea delitua ere izan daiteke, kartzela-zigorra eta guzti.

EGUZKI Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2020ko iraila

P.S. Lau argazki bidaltzen ditugu:

1. Bart ateratakoa. Zakuen barruan, uralita bilduta.

2. Bart ateratakoa. Ikusten da oraindik kondarra geratzen dela. Imajinatzen dugu gaur bertan bukatuko dutela garbitzen.

3. Atzoko bilketa egin aurretik zegoen egoera. Uralita bistan zen.

4. Atzoko bilketa egin aurretik zegoen egoeraren detailea. Uralita bistan zen gainerako hondakinekin nahastuta, baina batez ere hau bezalako zakuetan, txiki-txiki eginda.