Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Markel Olanok gidatzen duen foru gobernuak konfiantza ematen du, badakielako nola eta nora eraman Gipuzkoa, politika sozialaren, fiskalaren eta ekonomikoaren bitartez

“Auzitegi Gorenak Kataluniako Generalitateko Torra Presidentea gaitasungabetzeko erabakia deitoratzen dugu eta erabateko desadostasuna adierazten dugu”

“Markel Olano Diputatu Nagusiak argi erakutsi du berriz ere, eta bereziki Covidak dakarren egoeraren aurrean, bi politika klase daudela Gipuzkoan: bata,eraikitzailea; eta bestea, alderantzizkoa: eraislea. Bata da errealitatea kontuan hartuz egiten den politika eta bestea, errealitateari ezikusiaegiten diona”, adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNV bozeramaile, Maria Eugenia Arrizabalagak, Markel Olano Diputatu Nagusiak politika orokorrari buruzko urteko adierazpenaren ostean. “Ez dira gauza bera errealitateari aurre egitea eta errealitatearen aurka egotea – azpimarratu du –“.

EAJ-PNV batzarkide taldearen iritzian, Markel Olanok gidatzen duen foru gobernuak konfiantza ematen du, badakielako nola eta nora eraman Gipuzkoa, politika sozialaren, fiskalaren eta ekonomikoaren bitartez. Gipuzkoako gizartea eta ekonomia egitura ezagutzen dituelako eta herriarekin batera heldu diolako pandemiaren larrialdiari, eta berehala heldu ere bai zaharren egoitzetan neurriak hartuz, eta bai lagungarri fiskalak erabakiz – nabarmendu du Arrizabalagak-.  “Hori da politika eraikitzailea egitea, eta pandemia aldi honetan ikusi da ez daukala alternatibarik.  Izan ere ez du balio ezkortasunak, eta dena gaizki dagoela esateak, kalamitate profeten politikak, EH Bilduren oposizioak egiten duenak. Ez delako egia, hori ez delako Gipuzkoako politikaren errealitatea”.

“Zuzen aritu da Markel Olano, aurrera elkarrekin aterako garela esan duenean, hau erronka komunitarioa delako, gipuzkoar bakoitzaren eta  gizartearen eginkizuna, herri ikuspegia izanez – jarraitu du bozeramaile abertzaleak –. Inor ez dago eginkizun honetatik baztertua, ez badu bere burua baztertzen. Zoritxarrez hori ari gara ikusten EH Bilduren aldetik, politika elkarlanean egiteko prest agertu beharrean , bere burua kanpoan uzten du, kontra eta errekontra eginez. EAJ-k dei egiten dio oposizioari aldatzeko eta, nolanahi ere, aurre egingo dio politika klase horri, eraiki ez baizik eta eraitsi egiten duelako”. “Hau guztia politika da, POLITIKA, hizki handiz idatzia – azpimarratu du Arrizabalagak –. Markel Olanok esan bezala, guk, herri izanik, borondatea dugu gure burua gobernatzeko. Eta ez Madrilen menpeko izateko. Autogobernu politikoa eta erabakitzeko eskubidea dira behar dugun giltza. Eta horren eragile izango gara – gaineratu du –“.

Azken batean, EAJ-PNVk guztiz bat egiten du Markel Olanok gaur aurkeztutako proposamen eta neurriekin. Neurri horien helburua legegintzaldiaren hasieran ezarritako ardatz nagusiak garatzen jarraitzea da: politika sozialak indartzea, suspertze ekonomikoa bultzatzea, kalitatezko enplegua sortzea, desberdintasun sozialaren aurkako borroka eta Berdintasuna. Etorkizuneko erronkei aurre egiten eta Gipuzkoa sozialki kohesionatuagoa egiten laguntzen diguten neurriak.

Amaitu aurrerik Maria Eugenia Arrizabalagak aipamena egin du Catalunyako Generalitateko QuimTorra Presidentaren gaitasungabetzearen inguruan: “EAJ-PNV batzarkide-taldetik Auzitegi Gorenaren erabakia deitoratzen dugu eta erabateko desadostasuna adierazten dugu. Kataluniako Generalitateko Presidentea gaitasungabetu izana, onartezina baita. Beraz, elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi diegu Torra President jaunari eta Kataluniako herri osoari. Estatua agerian jartzen ari da Kataluniako herriari inposaketa ezarriz”.

“Herri gisa gure erakundetze politikoa antolatzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, beste behin ere, nazioen arteko berdintasunean oinarrituta eta ez mendekotasunetik abiatuta – amaitu du –“.