Prentsa oharra

Eneko Goiaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, metroa-pasantearen “akatsen” aurrean hiria defendatzeko zer egiten ari den azaltzeko. Beste behin ere, Eneko Goiaren agerraldia eskatu beharrean gaude, metroaren lanen gorabeheren berri eman dezan. Argitaratu diren azken berrien arabera, ETSk EasoMirakontxa zatiko lanak lehiaketara atera nahi ditu berriro, 28 pertsona kaleratu dituzte eta, dirudienez, lanak datorren maiatzera arte ez dira berriro hasiko.

Metroaren pasantearen beharrari edo, hobeto esanda, behar ezari buruzko eztabaidak alde batera utzita, ulertzen ez duguna da Donostiako alkateak nola ontzat eman dezakeen beti beste aldearen azalpenak, hau da, ETSrenak. ETSren erabaki bat bera ere ez du zalantzan jartzen, dena ontzat ematen du. Horixe egin du, hain zuzen ere, azken egunetan atera diren informazioen aurrean, sinesgaitzak diruditen arren (ETSk bertan
hondarra eta ura aurkitu dituela esatea orain, gutxienez, oso susmagarria da). Goia ETSren abokatu bihurtu da Donostiako herritarren aurrean, baina jarrera aldatu eta bere hiria defendatzen hasteko garaia da.

Dagoeneko asko dira Donostiako metro pasantearen obrek izan dituzten gorabeherak.

Eta modus operandia errepikatu egiten da: lehenik eta behin, arazoa estaltzen saiatzen dira, eta azkenean egia azalarazten denean, Eneko Goiak beti ateratzen da medioen aurrean gertatukoari garrantzia kentzera, dena ondo eta kontrolpean dagoela esatera.

Baina ez, ez dago kontrolpean, eta arrazoi asko daude hori baieztatzeko:
• Lehenik eta behin, metro pasantearen obrek pertsona askoren segurtasuna jarri dute arriskuan.
• Bigarrenik, diru publiko asko xahutzen ari da, pandemiaren ondorioei aurre egiteko erabili beharrean.
• Hirugarrena, hemen inork ez du autokritikarik egiten egindako akats
nabarmenengatik.
• Eta, azkenik, hemen kargu publiko bakar batek ere, ez EAJkoak ez PSEkoak, ez du bere gain hartzen gertatzen ari denaren gaineko erantzukizuna.

Laburbilduz, zulo beltz tekniko, politiko, sozial eta ekonomiko baten aurrean gaude.

Hauek horrela, ez da ulertzen zergatik hiriko alkateak ez duen iniziatiba hartzen eta herritarrei azalpenak emateko ardura berak hartzen duen, inork eskatu behar izan gabe, obrei buruzko azken informazioen eta Udal Gobernuaren erabakien berri emateko donostiarroi.

Hori dela eta, EH Bilduk alkatearen agerraldia eskatu du (urriaren 19ko batzordean egingo da). Halaber, gogoratu nahi dugu bihar, ostirala, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren ekimenez, Arriola sailburuak azaldu beharko duela zergatik ez duen oraindik martxan jarri gai honen inguruko erantzukizunak argitzeko prozedurarik.

Aurrekariak
• Ekainaren 5ean Zubieta kaleko eraikinean zuloa eragin ondoren, Kontxaren azpiko zatian lanak gelditu ziren, txosten geologiko eta hidrogeologiko osagarriak egiteko, inguruko biztanleen erabateko segurtasuna bermatzeko”. ETSko arduraduna den Antonio Lopezek
publikoki aitortu zuen “akatsak” egin zirela. Era berean, ezin dugu pasatzen utzi, lehen minutuan, Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak (PNV) esan zuela Zubieta kaleko zuloak ez zuela zerikusirik metroarekin.
• Ekainaren 15ean Udal Batzordean egindako agerraldian (EH Bilduk eskatuta), Goiak adierazi zuen ekainaren 5eko zuloa “susto” hutsa izan zela, eta dena “ongi konpondu” zela, eta ez zela kezkatu behar ez bizilagunen segurtasunaz, ez langileen lan-baldintzez.

EH Bilduk batzordean bertan salatu zuen geratutakoa “iragarritako zulo baten kronika” zela, hainbat froga mahai gainean utziz.
• Abuztuaren hasieran, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Kontxa hondartzako arkupeetan premiazko esku-hartze garrantzitsu baten berri eman zuen, hiru hilabetez luzatuko zena. Iturri extraofizialek adierazi zutenez, % 50 eta % 70 arteko gainkostua aurreikusten zen esku-hartze berri honen ondorioz.
• Aurretik, uztailaren 20an, ETSko obren jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorraren bilera bat egin zen Donostiako udaletxean, eta bilera horretan ez zen jakinarazi inguru horretan aparteko neurririk hartuko zirenik.
• Irailaren 25ean, ETSk jakinarazten du obrak gelditu direla Easo-Kontxa zati osoan (hasieran soilik Zubieta kalearen azpian geratu zirela adierazi zuten). Easo kalean ere arazoak daudela onartzen dute lehendabizikoz. Hitz hitz, “hay también otros puntos, como la zona de Easo, donde se han encontrado arenas a gran profundidad”. Hau da, oraindik ez
dakite (edo ez dute publikoki adierazi nahi) zehatz mehatz zein den arazoaren benetako dimentsioa. Horren ondorioz, gainkostuak biderkatuko direla onartu dute lehendabizikoz, eta 28 langile kalera joango direla (plantillaren %70) konfirmatu dute. Ostiraleko filtrazioetan obrak abendura arte ez zirela berraratuko adierazten bazen ere, ondoren ETSk onartu du lizitazio berria egin beharko dutela eta, beraz, 2021eko udara arte dena
geldituta egongo dela.

• Irailaren 28an Eneko Goiak dio irrati batean ETSren harremanetan dagoela etengabe, eta lur gaineko obrak aurreikusita zegoen bezala bukatuko direla adierazten du (San Martin kaleko peatonalizazioa…).