Prentsa oharra

COLEGIO DE ENFERMERIAROSA SANCHO
  • COEGIko Txertaketa Batzordeak gogorarazi du gripearen aurkako txertoa lehentasunezkoa dela 64 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoak eta immunoeskasiak dituztenentzat eta haurdun daudenentzat. Bestalde, langile sanitario zein soziosanitarioentzat ere beharrezkoa da, “artatzen dituzten pazienteak arriskuan jar ez ditzaten”.
  • Pandemia honetan arrisku handieneko biztanleak gripeari dagokionez ere arrisku handiena duten biztanleak dira, eta, beraz, pertsona batek bi infekzioak batera izan ditzakeela aurreikus daiteke. “Horregatik, aurten, talde horietako pertsona guztiei eskatu behar diegu gripearen aurkako txertoa jartzeko, koronabirusarekin kutsatzeko daukaten arrisku handiago hori saihesteko”, nabarmendu dute.

Atzo, astelehena, urriak 5, gripearen birusaren aurkako txertaketa aldia hasi zen EAEn, gaixotasun horren hedapenari mugak jartzeko eta osasun sistemen kolapsoa murrizteko. Horregatik, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Txertaketa Batzordeak txertoa jartzeko eskatu du, “txertoek bizitzak salbatzen dituztelako eta, orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoak direlako herritar guztien osasuna babesteko”.

Rosa Sancho aipatutako Batzordeko arduradunak gogorarazi du ezinbestekoa dela uste okerrak eta albiste faltsuak saihestea, hala nola “txertoaren birusak gripea hartzea eragin dezakeela”. Nahasmen hori eragiten duten arrazoietako batzuk –azaldu du– honako hauek dira: txertoak 15 egun behar ditu eraginkorra izateko, eta, beraz, eragina izan arte, kutsatzeko arriskua dago; gripea beste arnas birus mota batekin nahas daiteke; pertsonaren immunitate sistemak ez du behar bezala funtzionatzen, eta okerrago erantzuten dio txertoari; eta infekzioa eragiten duen gripearen birusa ez da txertoaren birus bera. “Albo ondoriorik ohikoena da, txertoa hartu ondoren, erremin edo min pixka bat izatea txertoa jarri den tokian, baina 48 ordu baino gutxiagoan joaten da, eta oso gutxitan eragozten du ohiko bizitza egin ahal izatea”, nabarmendu du Rosa Sanchok.

COEGIko Txertaketa Batzordeko koordinatzaileak aipatu du gure gorputza ahalik eta baldintza onenetan edukitzeko beharrezkoa dela osasuntsu jatea; alabaina, neurri horrek ez dituela infekzioak saihesten. Bestalde, gripeak haurrei ere eragiten diela nabarmendu du, baita elikadura osasungarria izanda ere. Bide beretik, gogorarazi du “instituzionalizatutako adineko pertsonek” osatzen dutela “talderik zaurgarriena”. “Pertsona horiek modu bortitzagoan jasan dute pandemiaren eragina, eta beraiek emango diote hasiera txertaketa kanpainari, langile sanitario eta soziosanitarioekin batera. Txertoa funtsezkoa da pandemia garaian, koronabirusaren koinfekzio arriskua saihesteko”, gehitu du.

Rosa Sanchok azpimarratu du gripea gaixotasun arina dela gehienetan, baina hilgarria ere izan litekeela arriskuan dauden pertsonentzat. “Hobea da beti txertoa hartzea ez jartzea baino. Izan ere, gripeak heriotza ekar dakizuke; txertoak, aldiz, ez”. Gainera, hauxe gehitu du: “Ez dago gaixotasunik txerto hau ez hartzea bultzatzen duenik, txertoek ez baitute mikroorganismo bizirik, erabat seguruak dira, eta hainbat azterketa klinikok bermatzen dituzte; beraz, EZINEZKOA da txertoek gaixotasuna sortzea. Era berean, ez da inolako loturarik aurkitu ondorio larrien eta gripearen aurkako txertoaren artean. Hala izanik ere, alergiak dituzten pertsonek profesionalari galdetu beharko diote beti, hark erabaki dezan txertoa jartzea beharrezkoa den ala ez”, nabarmendu du.

COEGIko Txertaketa Batzordeak txertoa hartzeko gomendioa egiten die hauei:

  • 64 urtetik gorako pertsonak. Adinarekin gorputzeko defentsak urritzen doazelako, eta, horrenbestez, errazagoa delako gripea hartzea, eta haren eraginak larriagoak izatea.
  • Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak, nahiz eta gazteak edo haurrak izan. Izan ere, gripea harrapatuz gero, arrisku handiagoa dute konplikazioak izateko, bai eta gaixotasuna larriagotzeko ere.
  • Haurdun daudenak. Euren burua zein umekia babesteko.
  • Immunodepresioa duten pertsonak eta immunodepresioa duen paziente bat zaintzen dutenak edo harekin bizi direnak.
  • Langile sanitario eta sozionsanitarioak, pazienteak kutsa ez ditzaten.

Gripearen aurkako txertoaren garrantzia

Rosa Sanchok nabarmendu du gripeak 35.300 ospitaleratze eragin zituela Espainian 2018-2019 denboraldian, eta txertoari esker, ospitaleratzeen %40ri eta heriotzen %38ri aurrea hartu zitzaiela. “Pandemia honetan arrisku handieneko biztanleak gripeari dagokionez ere arrisku handiena duten biztanleak dira, eta, beraz, pertsona batek bi infekzioak batera izan ditzakeela aurreikus daiteke. Horregatik, aurten, talde horietako pertsona guztiei eskatu behar diegu gripearen aurkako txertoa jartzeko, koronabirusarekin kutsatzeko daukaten arrisku handiago hori saihesteko”, nabarmendu du.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko Txertaketa Batzordeak deia egin du langile sanitario eta soziosanitario guztiek har dezaten gripearen aurkako txertoa, beste pertsona batzuk arriskuan jartzea saihesteko.