Prentsa oharra

Haritzalderi haziak debalde banatzeko postua jartzeagatik kobratu nahi dio eta, sinestezina bada ere, Eguzkiri Gladys del Estali omenaldia egiteagatik.

Gutxienekoa kopurua da. Justifikaezina da eta salatu egiten dugu. Udalak kobratu nahi izan zigun urtero egin ohi dugun bertako zuhaitzen hazien debaldeko banaketa egiteagatik. 20 urtez herri ezberdinetan, hala nola Tolosa, Lasarte, Errenteria edota Irun, baina beti Donostian ere bai, herritarren artean hain arrakastsua izan ohi den jarduera burutu ostean, estrainekoz domeinu publikoa okupatzeagatik zerga bat ordaindu
behar genuelako agiria jaso genuen. Ezin genuen sinetsi. Gutxienekoa kopurua. Urteetan sentsibilizazio jarduera burutzen, maiz Udalak berak diruz lagunduta eta bat-batean, irizpide aldaketa eta aberasteko asmorik gabeko elkarte bati, ingurumenaren alde, naturaren alde eta gizartearen alde lanean ari den elkarte bati, kobratu nahi dio Udalak berak egin
beharko lukeen ekintza bat aurrera eramateagatik.

Haritzaldetik horren galde egin genuen Udal departamendu ezberdinetan eta teknikari bat baino gehiago lotsatuta zegoela aitortu zigun. Ez genuela borondatez ordainduko adierazi genuen eta orain Donostiako Udalak kontuen saldoa bahitu egingo digula dio mehatxuzko gutun batean. 18,12€!
Mingarria suertatzen zaigu, are gehiago Lege eta arauen bermatzaile behar zuen erakundeak, Udalak berak, legearen kontra aritzen denean Belartzako aferan ikusi den legez (EHko Auzitegi Nagusiko 219/2019 epaia, 2019ko ekainaren 10ekoa). Auzitegiak ebatzi zuen epaiketaren kostak Donostiako Udalak ordaindu behar zituela, 1000€. Udalak ordea ez du epaia bete, baina Haritzalderi zor dion dirua ere ez dio ordaindu. Guk baditugu Udalaren kontuak bahitzerik? 1000€ horiek bai ala bai kobratuko ditugu eta Gipuzkoako Auzitegian abian jarri dugu epaiaren betearazpena, bere osotasunean, ziurtatzeko prozedura.

Udala gutaz trufatzen da. Ez du lotsarik, eta berak Lurdes Txikin bultzaturiko sarraskia dela alde batetik, eta Belartza inguruan gertatu diren irregulartasun eta ilegalitate guztiak direla bestetik, horiek bideratu bitartean Eguzki talde ekologistak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak erabaki genuen Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialeko bileretara ez
joatea. Izan ere, gertatutako guztia nahiko larria ez balitz, Ingurumen Zinegotzi izendatu zuten Naturari eginiko 2 eraso horien erantzule nagusia, hau da, aurreko Hirigintzako Zinegotzia, Enrique Ramos. Guk haren dimisioa edo kargugabetzea eskatu, Udal Gobernuak Ingurumen Zinegotzi izendatu.

Horregatik guztiagatik, aurten Haritzaldek estrainekoz uko egin dio inolako diru-laguntzarik Udalari eskatzeari eta Ingurumen Kontseiluari muzin egingo diogu harik eta Lurdes Txikiko afera era Belartzakoa bideratuta egon arte. Ez gaude prest gainera 4 sosa emateagatik gure lepora marketing egin dezaten, euren buruak zurituz.

Guri gertaturikoa larria da, baina Eguzkiri gertaturikoa delitua da. Haiei Udalak kobratu nahi izan zien urtero Galdys del Estali egiten dioten omenaldia egiteagatik Gladys Enean.

Biolentziaren biktima zuzena izan zenari, Euskal Herriko eta, nola ez, Donostiako ekologismoarentzat eta oro har gizarte oroarentzat ikurra den pertonari omenaldi xumea egiteagatik kobratu nahi izateak ez du izenik.

Haritzaldek 22 urte eta gero, aurten ez du hazi-banaketarik burutuko, baina ez du aipaturikozerga borondatez ordainduko. Udalak ikusiko du zer egiten duen, baina hobe luke ibilbidea aldatzea, bete gabe duen Belartzako epaia, esaterako, lehenbailehen betez.