Prentsa oharra

Donostia Sustapenak berriro jarri du abian espazio hau, oraingoan formatu hibridoan, saio presentzialak eta birtualak bateratuz. Espazio honetan, hiriko hamahiru ikastetxetako ikasleak berrikuntzari loturiko gaitasunetan trebatuko dira, eta Covid19-ren pandemiaren ondorioz sortu diren erronkei bideraturiko irtenbideak diseinatu eta proposatuko dituzte. Helburua da ikasleek berrikuntza proiektu bat ikasi eta garatzea; proiektu horretan teknologia disruptiboen erabilera barneratuko da, eta gaitasun pertsonalak landuko dira.

Jada abian dago Donostia Innovation Challenge-ren 4. edizioa, Donostia Sustapenak abian jarri duen espazioa ikasleek modu dibertigarrian ikas dezaten, taldean lan egin dezaten, soluzio berritzaileak ikertu eta garatu ahal ditzaten, proiektuei ekin diezaieten eta planteatu diren hiriaren erronkak konpondu ditzaten. Helburua da proiektu bat diseinatu eta kudeatzen ikastea, enpresaren ikuspegia eta ikuspegi teknikoa abiapuntu izanik, gaur egun nagusi diren teknologien laguntzarekin eta garapen pertsonalerako eta profesionalerako funtsezkoak diren jarrera arloko gaitasunetan trebatuz; jarrera horiek dira egokitzeko gaitasuna, sormena, taldeko lana, etab.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi zuenez, “Donostiaren garapen sozioekonomikorako funtsezko osagai gisa ari gara ezartzen berrikuntza eta talentuaren aldeko apustua, eta, apustu
horretan, funtsezkoa da hezkuntzako etapan lan egitea; horretarako, sustatu behar dira, alde batetik, gaitasun tekniko jakin batzuk eskuratu eta garatzea eta teknologia berriak erabiltzea, eta, beste alde batetik,
berrikuntzarako era berean funtsezkoak diren beste gaitasun pertsonalago batzuk, adibidez taldeko lana, sormena edo adierazpen gaitasuna, besteak beste. Apustu hori Donostia Innovation Campus programaren bidez bideratzen dugu. Bertan, zenbait ekimen garatzen dira, adibidez Innovation Challenge hau. Ekimen honetan, hiriaren erronkak aurkezten dizkiegu gazteei, gaitasun horiek erabiliz proposamenak landu ditzaten”.

Prozesua jada hasita dago. Saio presentzialak ditu, eta, osagarri gisa, Donostia Sustapenak eginiko jarraipena eta tutoretza, urrutiko lan tresnak erabiltzearen bidez. Gainera, Donostia Innovation Challenge ekimenak online plataforma bat du. Plataforma horretan, eduki guztiak eskuragarri daude, biltegi moduan. Horrez gain, formatu gamifikatua du (jolasa), kontzeptuak eta tresnak ikasi eta lantzeko, hirian barrena ibilbide birtual bat egiten den bitartean.

Erronkari emaniko irtenbideak diseinatzeko, talde parte-hartzaileek zenbait teknologia erabil ditzakete (adimen artifiziala, 3D inprimaketa, errealitate mistoa, gauzen internet eta robotika aurreratua), proiektu honetan parte hartzen duten hiriko enpresen eta teknologi zentroen babesari eta lankidetzari esker. Proiektu honetan, hain zuzen ere, berrikuntza gaitasunen arloko sentsibilizazioa eta garapena bideratzen da, hirirako etorkizuneko erronka gisa.

Donostia Innovation Challenge ekimenaren helburuak hauek dira:

Gazteen gaitasunak eta izpiritu berritzailea sustatzea.

Ikastetxeak gerturatzea hiriko enpresa eta zientzia/teknologia ehun aberatsera.

Talentuaren aldeko estrategiari laguntza ematea, gure berrikuntza gaitasunerako eta garapen sozioekonomikorako funtsezko osagai gisa.

Hezkuntza erakundeekiko lankidetzan sakontzea. Saioak irailean hasi ziren, eta 2021eko urtarrilera arte luzatuko dira. Edizio honetan 375 ikaslek hartzen dute parte, hamahiru ikastetxetako 70 talderen bidez, eta 14 enpresa eta teknologi zentroren laguntza izango da.

Kalkulatzen da denboraldi horretan guztian gaitasunetan trebatzeko eta proiektua garatzeko 200 saio inguru izango direla. Gainera, bi ekitaldi handi izango dira: horietako bat urriaren 26an izango da, Donostiako
WeekINN-Berrikuntzaren Astea inauguratzeko egunean. Bertan, hiriko aipaturiko ikastetxeetako ikasleek Escape Room Birtual batean hartuko dute parte. Bestea urtarrilean izango da, ixteko ekitaldian, behin programa amaitzen denean. Donostia Innovation Challenge-n parte hartzen duten ikastetxeak:


Nazaret, Axular Lizeoa, Eskibel, St. Patrick’s English School, Antigua Luberri, Summa Aldapeta, Altza Institutua, Mundaiz Korazokistak, Ekintza, Easo Politeknikoa, Ceinpro, Cebanc eta Tecnun.

Donostia Innovation Challenge-n parte hartzen duten enpresak eta zentroak:
Skootik, Kirol DNA, Tecnun, Naru, Depelopair, Biodonostia, Domotek, Ceit, Cybersurgery, Irisbond, Educareality, Nuavis, Ikusi eta Ikor.