Prentsa oharra

● Koalizioak argi dauka une honetan inorri ez diola ihes
egiten obrak lardaskeria izaten ari direla.


Elkarrekin Donostiak zenbait ekimen aurkeztuko ditu, bai Eusko
Jaurlaritzak bai Udal Gobernuak Metroko obretan gaizki zer egin den
argitu dezaten eta donostiarrengan ahalik eta eragin txikiena izateko
mekanismoak ezar daitezen.

Mirakontxa-Easo tartean antzemandako arazoengatik lanak atzeratu
egingo direla jakin ostean, eta irekiera gutxienez 2024ra arte
atzeratuko dela jakin ostean, koalizio aurrerakoiak mozio arrunt bat
eta Udal Gobernuari interpelazio bat aurkeztuko dizkio.

Mozioan, Elkarrekin Donostiak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio
xehetasunez azaltzeko zergatik ez ziren egin lehen
eraikuntza-proiektuan lursailaren azterketa nahikoak obra etetea
eragin duten arazo geologikoak hautemateko. Gainera, esleipenean
irizpide sozialak, ingurumenekoak eta erantzukizun sozial
korporatibokoak kontuan hartuko dituzten klausula sozialak plegu
berrietan sartzea eskatuko dio Jaurlaritzari.

Halaber, kontrol-mekanismoak eskatuko dituzte obra egiten den
bitartean langile guztien lan-eskubideak errespeta daitezen.

Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diete, lanek irauten duten
bitartean, hirian gertatutako guztia kontuan hartuta, mekanismoak
ezar ditzala hiriko bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Bestalde, Aitzole Araneta, taldeko bozeramaileak, Goiaren
Gobernuari galdetuko dio ea zergatik ez den hasi protokolo bat
lantzen obren bigarren fasea ETSrekin koordinatzeko. Era berean,
metroko lanen geldialdiaren arrazoiak eta ondorioak azaltzeko
alkatea zergatik ez den agertu galdetuko du.

Elkarrekin Donostiak argi dauka une honetan inori ez diola ihes
egiten Topoko pasabideko obrak lardaskeria bat izaten ari direla:
hiria zuloz bete dute, azpiegitura handien eraikuntzan planifikazio
falta eta zarrestelkeriaren adibidea dira eta, batez ere, donostiarren
segurtasuna arriskuan jarri dute.