Prentsa oharra

Administrazio-maila desberdinek, Europatik hasi eta udaletaraino, etorkizunean izango dituzten aurrekontuei buruzko eztabaida zabal- zabalik dago. Gastu-araua, erremanenteen erabilgarritasuna edo Europako Funtsaren bidez gure hirian finantzatuko diren proiektuak argitzen diren bitartean,gaur egungo errealitatea da Eneko Goiaren Gobernua, pandemiaren erdian eta alde bakarreko erabakiak hartuz, zenbait erabaki hartzen ari da. Orain arte, publikoki eta era pribatuan, jaso ahal
izan ditugun datuak oso argiak dira eta datozen hilabete eta urteetan hiria nondik nora zuzendu nahi duten jakiteko balio dute.

Izan ere, Goiak aprobetxatu du pandemia garaia hainbat proiektu eta kolektiboei murrizketa zorrotzak egiteko eta, aldiz, beste proiektu batzuetan planifikatutakoarekin jarraitzea erabaki du.
Murrizketen artean, egitasmo sozialak, auzoetako ekonomia sustatzeko proiektuak eta euren irabazi asmorik gabeko lana egiten jarraitzeko diru-laguntza publikoak behar dituzten kolektiboei ezarritako murrizketak nabarmendu behar dira.

Berriz, Udal Gobernuak lehentasunezkotzat jo dituen proiektuen artean, obra publiko handira bideratutako partida milionarioak nabarmendu behar dira. Izan ere, Eneko Goiak, udalak zuzenean sustatuko proiektuetan lan egiten duten enpresa eraikitzaileei diru publikoko milioiak ematen
jarraitzeaz gain, metro-pasantearen (40 milioi gainkostu berrietan) eta Atotxako AHT geltokiaren (80 milioi) lanei baldintzarik gabeko babesa erakutsi du publikoki.

Hau da, Eneko Goiak, pandemia garaian, itzulera sozialik gabeko proiektuetarako azeleragailua zapaldu du eta, berriz, partida sozialetarako galga zapaldu du, krisi garaian lehentasuna izan beharko luketenak, hain zuzen ere. Esan ohi da krisi garaietan bakoitzaren onena eta txarrena
ateratzen ari dela, baina 2020ko aurrekontuen exekuzioa ikusita, argi dagoena da pandemia hau Donostiako EAJren eta PSEren alderik neoliberalena ateratzen ari dela.

Murrizketei dagokienez, hauek nabarmendu nahi ditugu:
• Ekialdeko barrutiko aurrekontu osoa geldiarazi dute, 2019koa (gauzatu gabe zegoen) eta 2020koa. Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta dira hirian errenta gutxien dituzten eremuak, eta beraz, inbertsio gehien behar dituztenak, hiri orekatu bat izatea baldin bada helburua, noski.
• Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzetan % 20 murriztu dute
• Loiolako Erriberetan Haur Eskola berri baten eraikuntza geldiarazi dute (600.000€)
• Prozesu parte hartzailetzan adostutako egitasmoak, Kirol klubei zuzendutako laguntzak (- %20)
• Udal Gobernuak ez du gauzatuko EH Bildurekin 2020rako adostutako partidak:Matxigotxotegi (380.000€) eta Pikabea-Oleta.
• Etab.

Hauek horrela, Udal Gobernuari udal batzordeetan galdetuko diogu, arloz arlo, zenbatekoak diren murrizketak eta zer irizpideren arabera hartzen ari den erabaki hauek. Jakin nahi dugu zergatik Eneko Goiak gainkostuak pilatzen dituzten obra publiko erraldoiekin jarraitzea erabakitzen duen
eta, aitzitik, zergatik ezartzen dituzten murrizketak gehien behar dutenak laguntzeko orduan.