Prentsa oharra

Amaitu da Donostiako Euskararen Plan Orokorraren (2020-2024) diseinu lana. Irail honetan egin den Euskara Sektore Kontseiluan aztertu ostean, Tokiko Gobernu Batzordeak gaur eman dio azken onarpena.

Joan den udaberrian, EH Bilduren udal taldeak hainbat ekarpen egin zizkion planari, eta proposamen horietatik zenbait DEPO dokumentuan jaso dira; ez, ordea, guk nahiko genukeen adinako zehaztasunez.

Euskara Sektore Kontseiluan onartutako proposamenak gaur berretsi ditu Tokiko Gobernu Batzordeak, zehazki ondoko hauek:
• Euskaraz funtzionatuko duten atal gehiago izendatu.
• Udalbatza euskalduntzeko berariazko plangintza osatu.
• Merkataritzan euskarak duen presentziari buruzko Ikerketak egitea
(Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko araudiak Donostian duen betetze maila).

Tamalez, Udal Gobernuak ez ditu kontuan izan honako hauek:
• C1 maila bitarteko ikasketa prozesua dohainik atera ahal izango zaio herritar orori.
• Zaintza atala sortu euskararen erabilera ezartzen duten arauak eta hizkuntza irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.
• Donostia Kultura-ren kudeaketa planak hobekuntza indizeak ezarri, atal guztietan.
Helburua: 2024rako, euskarazko eskaintzak % 100eko hazkundera iristea.
Ukaezina da, lorpenak bezala, euskararen erabilerak hirian galerak ere badituela. Baina lan handia egin dugu denon artean euskarak espazioa berreskuratu eta irabaz dezan.

Horri esker, hiribururik euskaldunena izaten jarraitzen du Donostiak, eta horrek eskatzen digu jauzi bat eman beharra, bi ildotan:
• batetik, prebentzio politika bat barneratuz, atzera urratsik ez gertatzeko, ez jadanik irabazita ditugun espazioetan, ezta hizkuntza eskubideetan ere; eta bestetik, politika proaktibo bat landuz, hiritar gehienek euskara ulertzen dutela kontuan izanik, euskarari protagonismo nagusia emateko.

Hiri akordio berri bat behar da, hizkuntza eskubideen berdintasunaren printzipioa zoru komuntzat ezarriko duena. Bide horretan egin ditu EH Bilduk aipatu proposamenak.