Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Beste behin ere, beren egunerokotasunean Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek, langileek, bai eta sektoreko profesional eta eragile askok erakutsi duten lana eta profesionaltasuna nabarmendu nahi ditut, Covid-19ri aurre egitearen eta egoiliarren bizi-kalitatea eta  beren familiekin duten harremanaren arteko oreka defendatzeko. Beti ere, egoiliarren segurtasuna eta, ahal den neurrian, oreka emozionala zaintzeko”

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, akordioak lortzeko borondaterik eza eta EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoa oposizioko taldeek izandako jarrera maximalista eta populistak kritikatu ditu, Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetan Covid-19aren bigarren olatuari hobeto aurre egiteko neurrien inguruko eztabaidan.  “Jarrera maximalistak, alde batetik; zehaztasunik gabeko eskakizunak, bestetik – azpimarratu du Arrizabalagak –, hala nola, osasun mentala eta emozionala zaintzeko mekanismoak ezartzeko eskatzea, helburu horrek zer mekanismo behar duen zehaztu gabe. Edo isolamendu fisikoak “isolamendu soziala” ekar ez dezan eskatzea. Hitz horiekin enpatizatzen gara, baina zailtasuna zehaztapenean datza, Aldundia eta egoitzak egiten ari diren ahalegin handiaz harago, ahal den neurrian egoiliarren segurtasuna babesteko eta oreka emozionala zaintzeko”. “Ildo horretan – adierazi du Arrizabalagak –, beste behin ere nabarmendu nahi ditut Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek egindako lana eta langileek beren egunerokotasunean erakutsi duten profesionaltasuna, eta sektoreko profesional eta eragile askoren erantzukizuna eta lana, Covid-19ak eragindako krisi-egoerari aurre egiteko”.

EH Bilduri eta Elkarrekin Gipuzkoari dagokienez, EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketaren edukia ezagutu aurretik oposizioko taldeek akordioa itxi izana kritikatu du EAJko bozeramaileak. “Horrek agerian uzten du – azpimarratu du Arrizabalagak – oposizioak ez duela akordioak lortzeko asmorik. Izan ere, errazagoa baita inolako zehaztasun-eskakizunik gabeko diskurtso bati eustea. Kontua da oreka nola lortu, Covid-19ren mehatxuari aurre egitearen eta egoiliarren bizi-kalitatearen eta beren familiekin duten harremanaren artean. Eta horretan ari dira, egunero, oreka hori defendatzen saiatzen, sektoreko profesionalak eta eragileak. Azken finean – berretsi du Arrizabalagak –, oposizioko taldeek diskurtso demagogikoa eta edukigabea dute, foru gobernua higatzea beste helbururik ez duena”. “Ez da garaia bizi dugun larrialdi egoeratik etekin politikoa ateratzeko. Gipuzkoarren interes orokorra eta gure lurraldeko herritarren aldeko elkarpen eta proposamenak egiteko unea baizik” – amaitu du Maria Eugenia Arrizabalagak –.