Prentsa oharra

  • Bihar Bihotz Geldialdiaren Nazioarteko Eguna izango dela eta, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak gogorarazten du bihotz geldialdia duen pertsona batek, ez badu bihotz-biriketako bizkortze maniobrarik jasotzen, gutxi gorabehera bizirauteko aukeren %10 galtzen dituela minutuko. “Azkar eta ongi jarduteak bizitzak salbatzen ditu”, azpimarratzen dute.
  • Zarautzen osasun larrialdian lan egiten duten erizain eta teknikariek bideo bat argitaratu dute, COEGIrekin lankidetzan, BBBari buruzko aholku praktikoekin, esteka honetan ikusi eta partekatu daitekeena: https://www.youtube.com/watch?v=JfZRPFlLJxU&feature=youtu.be

Bihar ostirala, urriak 16, Bihotz Geldialdiaren Nazioarteko Eguna  izango da eta, data hori tarteko, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialetik (COEG) bihotz geldialdi baten aurrean jarduteko oinarrizko jarraibideak helarazten dizkie herritarrei. Horrez gain, helburua da gizarte kontzientziatzea oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak ezagutzearen garrantziaz, eta COVID-19aren garaietan nazioarteko gomendioetan egindako aldaketez informatzea. Aldaketa horiek, batez ere, eszenaren segurtasunari dagozkio, baita arnasketaren balorazioari eta erreskateko aireztapen jarduerari.

Ildo horretan, Larrialdietako erizain David Martinek gogorarazi ditu zein diren herritar batek bihotz geldialdi batean jarraitu beharreko ildoak, eta Zarauzko lankideekin batera bideo honetan jaso ditu jarraibideak: https://www.youtube.com/watch?v=JfZRPFlLJxU&feature=youtu.be

  1. Baloratu eszena segurtatu daitekeen edo segurua den, norbera babesteko ekipamendua jantziz eta beste pertsonari ere jantziz. Eszena segurua bada, baloratu pertsona, maskara kirurgiko bat jarriz eta hari ere jarriz, sudurra eta ahoa zuzen estalita. Ahal den heinean, saiatu ahalik eta bizkortzaile gutxien eta ezinbestekoek bakarrik jarduten.
  2. Ikusten bada ez duela erantzuten eta ez duela arnasa normaltasunez hartzen: Konorterik gabe dagoela egiaztatzeko, biktimaren bularra astindu behar da, segurtasun distantzia mantenduz, ikusteko erantzuten duen ala ez. Ez badu erantzuten, konorterik gabe dago, eta komeni da 10 segundoz egiaztatzea arnasa normal hartzen duen ala ez, esku bat sabel edo bular gainean jarrita, eta aire bidea ireki gabe. Ikusten bada ez duela normaltasunez arnasten, berehala deitu beharko da 112ra, esku libreak erabiliz, adieraziz non gauden, nor garen eta zer gertatu den, lekutik aldendu gabe. 
  3. Egiaztatu hemorragiarik duen: ikusten badu kanpoan odol jario aktibo bat dagoela, hori hertsatu beharko genuke, adibidez, benda edo jantzi batekin, gunea zapalduz (gorputz adar bat da), odol jarioa eten arte. 

Balorazio azkar hori egin eta gero, jarraitzen du David Martinek, “berehala hasi beharko genituzke BBB maniobrak, bularraren erdialdean, etengabe, minutuko 11-120 konpresio eginez, eta 5-6 cm-ko sakoneran konprimituz (biktima heldu bat bada), eta bi minutuan behin beste bizkortzaile batekin txandakatuz (edo lehenago, nekatzen bagara).  Ez da intsuflaziorik egin beharko (aireztapenak). Desfibriladore erdiautomatiko (DEEA) bat badugu hurbil, erabili egin beharko genuke, APP baten laguntzaz (esaterako, Osakidetzaren “PCEH”) edo koordinazio zentroaren laguntzaz”.

Azpimarratzen duenez, bihotz geldialdi gehienak etxean gertatzen dira, eta hor, lekukoak 112ra deitzen duen arren, “gutxik egiten dituzte BBB maniobrak anbulantzia iritsi baino lehenago”. Horregatik da garrantzitsua herritarrak kontzientziatzea eta prestatzea maniobra horiek egiteari buruz.

COVID-19aren testuinguruan gertatu diren aldaketa nagusiei dagokienez, gipuzkoar erizainak hauek nabarmendu ditu:

  • Jardun aurretik, baloratu:
    • Norbera babestea eta bestea babestea maskara kirurgiko edo zapi batekin.
    • Arnasketa normala baloratzea, eskua bular edo sabel gainean jarriz eta hori igotzen den ikusiz, kopeta-kokots maniobra egin beharrean.
  • BBBa egitean:
    • Saiatu ahalik eta bizkortzaile gutxien eta soilik ezinbestekoek jarduten.
    • Helduak badira, egin konpresio toraziko etengabeak soilik, desfibrilatzeaz gain, aireztapenak egin gabe (intsuflazioak).
    • Haurrak badira, gaur egungo jarraibideek diotenez, erreskateko arnasketetan prestatuta, trebatuta eta gaituta daudenek indarrean dauden protokoloen arabera egin behar dituzte, jakinik jarduera horrek infektatzeko arriskua areagotzen duela, baina baita bizirauteko aukera ere.
  • Jardueraren ondoren:
    • Garbitu eskuak ongi, indarrean dauden gomendioen arabera.
    • Berehala garbitu jarduteko unean jantzitako arropa.
    • Jarri harremanetan dagozkien osasun agintariekin (erreferentziazko osasun zentroa…), hurbiletik kontrolatzeko eta egin beharreko probak egiteko, BBB batean aktiboki inplikatuta egon bagara.

Azkar jardutearen garrantzia

David Martinek gogorarazten duenez, bihotz geldialdian dagoen pertsona batek, ez badu BBB maniobrarik jasotzen, bizirauteko aukeren %10 galtzen ditu minutuko. Aitzitik, pazienteak maniobrak jasotzen baditu, denbora berdinean aukeren %4 inguru galduko ditu.

“Horregatik, pauso erraz horiek betetzen baditugu, oro har herritarrak ahalduntzen baditugu, biziraupen katearen lehen 3 maila horietan (112ra deitu, konpresio etengabeak eta DEEA bat erabili) zenbat eta azkarren eta egokien jardun askoz bizitza gehiago salbatuko dira, eta, gainera, kolapsoaren ondoren egiten ditugun konpresio torazikoekin odola garunera helaraziko dugu, eta garun hori salbatzen lagunduko dugu. Ondoren larrialdietako taldeak hartuko digu lekukoa, eta bizkorketa hobetuko du”, amaitzen du.