Prentsa oharra

EH Bilduk dei egin die herritarrei larunbat honetarako, 12: 00etan, ETSk Amarako geltokian duen bulegoaren aurrean Metro-pasantearen lanak gero eta okerrago doaz, eta proiektu honekin hasi aurretik diru publikoaren xahutze hutsa zela agerikoa bazen ere, pandemia garaian, une zail hauetan,
esan behar da obra faraoniko honek are zentzu gutxiago duela. Zubieta kaleko zuloa ekainean agertu ondoren, egitasmoa kolapsatu eginda da, eta berriz ere lehiaketa publikora atera beharko da, % 100eko gainkostuarekin.

Hala ere, herritarrei proiektuaren akatsen eta gainkostuen berri gardentasunez eman beharrean, ETSk hilabeteak daramatza benetan gertatu dena ezkutatzen.

Normaltasunaren irudi faltsua ematen saiatzen ari dira, gertatzen ari dena oso larria denean. Baina gaur gaurkoz, ezin da iritzi publikoaren aurrean mantendu Kontxa inguruan ura eta harea agertzea ezusteko bat izan dela.
Eneko Goiak, Donostiako alkateak, bat egin du estrategia horrekin. Nahiz eta hilabeteak daramatzan ziurtatzen, bai Udalean bai prentsaren aurrean, obrek normaltasunez jarraitzen zutela, atzo egindako agerraldian esan zuen ez duela gertatutakoaz hitz egin nahi, hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita. Orain, egitasmoa kolapsatu dela jakin denean, ez du aurpegia eman nahi, eta ez die donostiarrei egia esan nahi.

Pandemia-garaian, aurrekaririk gabeko osasun- eta ekonomia-krisiaren erdian, inoiz baino beharrezkoagoa da dauden baliabide publiko urriak zertan inbertitzen diren ondo erabakitzea. Eta ezin dira milioika euro gastatu errentagarritasun sozial oso txikia duten proiektuak erreskatatzen. EH Bildun uste dugu badaudela beste egitasmo batzuk lehentasun handiagoa dutenak, hala nola Altza-Galtzaraborda zatiarena; Euskotrenen bikoizketa Zarautz-Irun zati osoan; Pasaian lurperatzea, RENFE-Euskotren interkanbiadorea Loiolan, etab.

Horrez guztiaz gain, gogoratu behar da Amarako geltokiaren eremua urbanistikoki planifikatzen ere hasi dela ETS. Zehazki, propagandako liburuxka bat etxez etxe banatu zuen, gaur egun bere webgunean dagoena, Easoko geltokia okupatzen duen eremuan “500 etxebizitza baino gehiago” eraikiko direla iragarriz. Horren aurrean, Amarako, Amara Berriko eta Morlanseko hainbat eragile haserre agertu dira. Izan ere, Donostiako Udalari dagokio eremu horretan zer egin nahi duen planifikatzea, eta, gainera, egokiena eta bidezkoena da auzotarrek ere parte hartzea erabakietan.

Metro-pasanteak ez du ez hankarik ez bururik. Donostian, jende gehienak ondo daki ez dela beharrezkoa eta, gainera, oraintxe bertan beste lehentasun batzuk daudela. Hori dela eta, dei egiten diegu herritarrei elkarretaratzea egitera, osasun neurri guztiak errespetatuz, larunbat honetan, eguerdiko 12etan, Amarako Topo geltokiaren aurrean, Easo Plazan.