Prentsa oharra

• Merkataritza eta ostalaritzan, enpleguan, ekintzailetzan, enpresetan eta eredu ekonomikoaren eraldaketan eta erronketan ipiniko da dirua.
• Erosketa bonuen beste sorta bat aktibatuko da, eta kontziliazio bonuak estreinatuko dira, egoera txarrean dauden familietako adingabeak artatzeko.
• Laguntzak Donostia Sustapenaren webgunean eskuratu ahal izango dira:
http://www.fomentosansebastian.eus.

Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea ipiniko du abian. Plan horrek hainbat laguntza neurri jasotzen ditu, COVID-19ak sorturiko krisiaren ondorioz Donostiako ekonomian aurreikusten den bigarren inpaktu ekonomikoa arintzen saiatzeko. Laguntza pakete horren helburua lan merkatua suspertzea da, kontratazio berriei laguntzeko neurrien bitartez, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Aurreikuspenen arabera, 800 lanpostu inguru sortuko dira.

Pakete horren barruan bildutako neurrien artean ageri dira, besteak beste, kontsumo bonuen beste sorta bat martxan ipintzea merkatari eta ostalariei laguntzeko, bi sektoreotara zuzenduriko eraldaketa digitalerako laguntzak ematea, enpresa berriak sortzeko aholkularitza eta laguntzak eskaintzea, negozioa birbideratzea erabakitzen duten ETEentzako laguntza, eta hiriaren erronkak online lantzeko lankidetza plataformen garapena.

Neurri horiek guztiak urrian bertan hasiko dira aktibatzen, eta 5.235.205 euro bideratuko dira hartarako. Donostiako Udalak (Donostia Sustapena), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute plana.