Prentsa oharra

2021eko urtarrilaren 10era bitarte, ‘Arte y punto’ erakusketa egongo da
ikusgai Donostiako Santa Maria elizaren koruaren azpian. Gurutze-puntuko 20 lan jarriko dira erakusgai, Arkitekturako eta Erlijio-artearen historiako obra esanguratsuenetako batzuk irudikatzen dituztenak. D´Museoaren eta Eder Centro de Labores enpresaren arteko lankidetzaren emaitza da erakusketa hau.

2020.urteko lanaren ildo beretik jarraitzen du D´Museoak erakusketa honen eskutik, fokua hurbilenean jarriz: pertsonak, artistak eta ondarea. Gugandik gertuen dagoen horretan jarri nahi du arreta lan-ildo horrek, areago oraindik momentu latz hauetan.

Horrez gainera, D´Museoak erlijio-ondarearen zabalkundean lagundu nahi du beste ikuspegi batetik, artelan bakoitza egiteko beharrezkoa den artisau-lanari ere balioa emanez. 20 obra bildu dira erakusketan, bi multzotan banatuta. Batetik, elizen irudikapenak dauzkagu, erromanikoak batez ere (Erill la Vall, Vielha…). Bestetik, Artearen Historian garrantzi handia duten lanen erreprodukzioak ditugu: Velázquezen Kristo, Murilloren Andre Maria Sortez Garbia… Lan guztiak gurutze-puntuko teknikari jarraikiz brodatu
dira. Herri-erlijiotasunaren zerbitzuan jarritako artisautzaren erakusgarri bikaina da erakusketa, eta artisau-lan horren aintzatespena ere bada, kasu honetan batez ere emakumeen eskutik egindako lanarena.

Eder Centro de Labores enpresak egin ditu lan guztiak, kit sortu berri baten azken proba gisa. Donostiako enpresa txiki horrek 25 urte bete ditu, eta munduan erreferentzia bihurtu da argazki batean oinarrituta gurutze-puntuko kitak brodatzeko lanetan. Multinazionalak gure bizitzako eremu guztietan jaun eta jabe diren honetan, nabarmentzekoa da benetan familia-enpresa txiki bat bere sektorearen gailurrean izatea. Horren adierazgarri dugu 500 prototipo bakar originaletik gora egin dituztela eta 6 milioi kit baino gehiago saldu dituztela.

ERAKUSKETA: ‘Arte y punto’
LEKUA: SANTA MARIA ELIZA (Abuztuaren 31 kalea, 46)
NOIZ ARTE: 2021EKO URTARRILAREN 10ERA ARTE
ORDUTEGIA: ASTELEHENETIK IGANDERA: 10:30 H – 19:00 H