Prentsa oharra

Txomin Enea eta Martutene auzoetan bilakaera sakona eragin dute betidanik han gertatu diren uholdeak saihestearren Urumea ibaiaren ibilgua zabaltzeko egiten ari diren obrek. Bilakaera horri Txomin Eneako urbanizazio berria gehitu behar zaio: apustu ekologiko eta iraunkorra, aurkezpenean bonbazia handian azaldu zenaren arabera.

Aldaketa horiek hirigintza eta mugikortasuna eraldatu dituzte eta, horren ondorioz, bizikleta-mugikortasuna eremuko elementu berri bat da ere.

Oro har, esan daiteke orain arte eraikitako bidegorri berriek kalitate nahikoa dutela txirrindularien segurtasuna bermatzeko, baina, ia beti bezala, saihets zitezkeen zenbait akats dituzte. Proiektuaren definizioan eta exekuzioan txirrindulariek parte hartuko balute edo hirigintza- eta mugikortasun-diseinua horretarako berariaz prestatutako gida tekniko eguneratuetan oinarrituko balira, horrelako akatsak saihestuko lirateke. Hala balitz, besteak beste, behean azaldutako oinarrizko akatsak ekidingo lirateke.

  • Laurogeita hamar graduko bira egitera behartzen duen bidegorrirako konexio-bira-sarrera.
  • Ez hasieran ez amaieran konexiorik ez duen bidegorri-zati bat (Felisa Martin Bravo kalearen eta Kristobaldegi bidearen artean, Goikoenea kaletik) eraikitzea. Zer helbururekin eraiki da bidegorri-zati hori?
  • Beste bidegorri honetan, diseinu-hutsegite bat dela eta, aparkatutako autoek bizikleta-bide baten erdia okupa dezakete.
  • Bizikletentzako aparkalekuak etxebizitza-eraikinetan. Auzo ekologikoa izaki, etxebizitza berrietan, eraikin bakoitzeko, zero kotan, bizikletentzako aparkaleku komunitario bat jartzea aurreikusi zen. Baina, obra egitean, garajeetan halakotzat jo ezin diren “bizikletentzako aparkalekuak” instalatu dituzte: horman sartutako kakoak besterik ez dira, ezertarako balio ez dutenak.
  • Beste hutsune garrantzitsu bat Antzieta pasealekuan barrena doan bidegorriak auzorako bost sarreretan edo pasealekua inguratzen duten etxebizitzetako garajeetarako sarreretan duen desnibela da (txirrindularientzako errusiar mendi bat al da?). Bizikletek salto egiten dute eta gerrialdeak min hartzen du desnibelaren inpaktuarekin. Bide batez, esan beharra dago desnibel hori zuzendu egin dela autoentzat, ez txirrindularientzat, ordea. Ziur aski, bidegorria diseinatu duena ez da maiz bizikletan ibiltzen edo motordun ibilgailuei lehentasuna eman nahi izan die (ahalik eta gutxien molestatu), oinezko eta txirrindularien kaltetan.
  • Gainera, Antzietako pasealekuan ez da zuhaitzik landatu, eta badakigu auzotarrek kexa hori Udalari helarazi diotela dagoeneko.
  • Azkenik, kezkatuta gaude, gure ustez, auzoan semaforo gehiegi jarri direlako. Duela hilabete batzuk, ahal den neurrian, hiriko semaforo-kopurua minimizatzeko beharra argitara eman genuen. Aldiz, auzo honetan, kaleen arteko bidegurutzeetan behar ez diren semaforo asko jarri direla ikusi dugu. Auzoan, motordun ibilgailuek ez lukete 20-30 km/orduko abiadura gainditu beharko eta mugikortasun aktiboa lehenetsi beharko litzateke. Horregatik, ez zaigu premiazkoa iruditzen hainbeste semaforo jartzea.

Espero dugu akats horiek zuzendu ahal izatea eta Urumea ibaia Martutenetik pasatzean zabaltzeko proiektua egiten denean (une honetan 2. fasean dago), 27. Industrialdeko zubiaren mailan, kontuan hartzea zubi azpitik oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea pasa behar dela, proiektuaren planoetan agertzen den bezala. Horrez gain, nabarmendu nahi dugu gaur egun ez dagoela bizikleta-bide segururik 27. Industrialdera iristeko, eta behar-beharrezkoa iruditzen zaigula.

Une honetan, Loiolako Zeharbidea egiten ari dira, kuarteletako biribilgunearen eta Loiolako Erriberako biribilgunearen artean. Hainbat auzotar publikoki kexatu dira komunikabideetan zabaldu den bidegorriaren diseinuaz, eremu partekatuetan txirrindularien eta oinezkoen artean sor daitezkeen gatazkak azpimarratuta.

Gure iritziz, kuarteletako zubiaren pareko biribilgunearen ondoan dagoen gunean dago kontaktu handiena eta oinezkoak txirrindulariekin nahastu egiten dira ia. Uste dugu merezi duela ahalegin bat egitea istripuak eta oinezkoekin sor daitezkeen gatazkak saihesteko; hori izan da beti gure helburua.

Kontuan hartu behar dugu, azken hilabeteetako erabilera-datuen arabera (ikus Martuteneko bidegorritik pasatzen diren txirrindularien kopurua), zeharbidetik pasatzen den bizikleta-bidean txirrindulari asko ibiliko direla, bide horrek hiria Urumearen arroko beste hirigune batzuekin lotuko baitu. Beraz, nahitaezkoa da auzoekin eta 27. Industrialdearekin konexio eroso, azkar eta segurua ezartzea auto-erabiltzaileak autoa uztera eta bizikleta erabiltzen hastera animatzeko.

http://sansebastian.eco-counter.com

Azkenik, gehitu nahi dugu proiektu honen diseinua ez dela ez ausarta ez handinahia, motordun ibilgailuentzako erreiak 4tik 3ra murriztu baitira. Hasierako hainbat planotan (zirriborroa da), norabide bakoitzeko errei bakarra uzteko aukera planteatu zen. Izan ere, orain, norabide bakoitzeko errei bakarrarekin ibilgailuak ezin hobeki zirkulatzen ari dira. Orduan, zergatik ez dugu bere horretan uzten? Garaiotan, ez da ulergarria bere horretan ez uztea eta hirigunea banatzeko joan den mendeko politikak aplikatzea, ez baita onuragarria herritarrek autoa erabiltzeari uztea nahi badugu.

Gure ustetan, Udalak etengabe aldarrikatzen badu Donostia oinezkoentzat diseinatutako hiria dela (oraingo “Donostia Oinez” edo “Donostia, oinezkoen hiria” kanpainak), asmo hori, kontzientziazio-kanpainetan ez ezik, hirigunearen banaketan ere islatu behar da.