Prentsa oharra

Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren bozeramaileak adierazpenak egin ditu gaur, “Zentzugabekeriak goia jo du; metroaren diru-xahuketa lehentasun sozialetarako” lemapean, eguerdian Easo plazan, ETSren egoitzaren aurrean, egindako kontzentrazioaren hasieran.

Gaurko kontzentrazioaren bidez, azaldu du Carrerek, “pandemiaren bigarren olatu honen erdian, metroko pasantearen lanen zentzugabekeria salatu nahi dugu. Easo-Mirakontxa tartearen proiektua aldatzeko inbertituko diren milioi horiek guztiak orain gehien behar den horretan inbertitzea exijitzen du EH Bilduk, hau da: osasuna, hezkuntza eta sektore
ekonomiko kaltetuenei laguntzeko”.

Carreren hitzetan, “Metro pasantearen obra ez da inoiz izan Donostiarron lehentasun bat,baina orain, kutsatuak eta ospitalizazioak biderkatzen ari direnean, eta alarma egoera baten atarian gaudenean, proiektuak are zentzu gutxiago du”

Jarraian Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatza egin dio Donostiako bozeramaileak. “Metroaren obra geldituta dago gaur egun. Hori da errealitatea” azaldu du. “Aurrera jarraitu eta egitasmoa berriz ere lehiaketara atera beharrean, ETSk eta Eusko Jaurlaritzak
proiektua bertan behera utzi eta gainkostuen dirua lehentasun sozialetarako bideratu” behar dutela adierazi du Carrerek.

“Orain proiektua gelditu behar da. Metroaren arduradun politikoei, Eneko Goia alkateari barne, eskatu nahi diegu zentzugabekeria hau alde batera uzteko, eta hurrengo hilabeteetan proiektu honetan xahutu nahi dituzten 40 edo 50 milioi euroak orain benetan behar diren egitasmoetan inbertitzea: osasun-langile gehiago, test gehiago, irakasle gehiago eta diru-laguntza gehiago okerren pasatzen ari diren sektore ekonomikoei”
bukatu du Reyes Carrerek.