Prentsa oharra

Bihar, urriak 29, Zorizko Jokorik Gabeko Munduko Eguna da eta
jokoaren mendekotasunari aurre egiteko Haizea Garay Elkarrekin
Donostiako zinegotziak kontrol-mozio bat eramango du Osoko
Bilkurara.

Izan ere, zinegotziak ohartarazi duenez, Euskadiko apustu etxeen
laurdenak Donostian daude, 43.000 euskaldunek arazo patologikoak
dituzte jokoarekin Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, eta
gazteen % 5ek ere mendekotasun horri aurre egin behar diote.

Elkarrekin Donostiaren ustez, ezinbestekoa da gaur egun hirian
indarrean dagoen Adikzioen Plana eguneratzea; izan ere
abiapuntutzat 2012ko jokoari buruzko azterketa bat du, 2020an bizi
dugun errealitateari erantzuten ez diona, eta ez du inolako proiektu
espezifikorik garatu jokoarekiko mendekotasunari aurre egiteko.

Garayren iritziz, planaren eguneraketak, gainera, jokoaren eta
apustuen egoerari buruzko azterlan bat eskatzen du, Adikzioen
hurrengo planaren proiektua ezartzeko oinarri gisa balioko duena
(2021etik aurrera egin beharko da).

“Gure auzokide gazteenak joko enpresentzat jomuga errazena
bihurtzen ari dira”, adierazi du Garayk. “Enpresa horiek, batez ere,
baliabide gutxien dituztenekin egiten dute bat, gazteak
pobretuagoak eta aukera gutxien dituztenekin”, gaineratu du.

Azkenik, Garayk Kontsumo Ministerioa egiten ari den lana aldarrikatu
du, eta maila instituzional guztietatik ezartzen diren neurriak
ezinbestekoak direla gaitz horri aurre egiteko adierazi du.

Bihar osoko bilkuran aurkeztuko den mozioak honako puntu hauek
izango ditu:

  1. Donostiako Udalaren Osoko Bilkurak udal gobernuari eskatzen dio
    hiriko jokoaren eta apustuen egoerari buruzko azterlan bat egin
    dezala, Adikzioen hurrengo planaren proiektuak ezartzeko oinarri
    gisa balio dezan.
  2. Donostiako Udalaren Osoko Bilkurak udal gobernuari eskatzen dio indarrean dagoen Adikzioen Planaren ebaluazio bat egin dezala eta
  3. taldeekin partekatu dezala, plan horretako proiektuen gauzatzea baloratzeko.
  4. Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak Adikzioen Plana (2017-2021)
    eguneratzeko eskatzen dio udal gobernuari, Adikzioen errealitatean
    gerta daitezkeen aldaketei behar bezala erantzuteko beharrezkoak
    diren neurri zuzentzaileak txertatuz.
  5. Donostiako Udalaren Osoko Bilkurak udal gobernuari eskatzen dio
    adingabeekin eta gazteekin jokoaren eta apustuen arriskuei buruzko
    prestakuntza- eta kontzientziazio-proiektu bat egin dezala, egungo
    adikzio-planeko (2017-2021) neurririk eza konpontzeko.