Prentsa oharra

Bosgarren edizioa izan dute DonostiaINN sariek, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Berrikuntzaren Astean emandakoek, eta Bunt Planet enpresa saritu dute enpresa finkatuen kategorian, eta Viralgen enpresa gazteen kategorian, berrikuntzaren alde egiten duten apustuagatik, haien ikuspegi globalagatik eta hiriarekin duten loturagatik. Sariak gaur eman dituzte, ostiralean, urriaren 30ean, Donostia WeekINN astearen barruan, Donostia Sustapenak Maria Cristina Hotelean antolatutako ekitaldi batean.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, “sari horien asmoa da balioa ematea eta aitortza egitea Donostian berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresei. Bunt Planeten jardueran ikus dezakegu, software ingeniaritzan berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustuaz gain, berrikuntza erraztea bezalako alderdi
gako bat. Bere gaitasunen bitartez, bere zerbitzuak jasotzen dituzten enpresei prestakuntza eta gaikuntza espezifikoa ematen die, bereziki maila industrialean, jasangarritasunaren eta uraren kudeaketaren alorrean.

Modu jasangarrian kudeatzeko gaitasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren adibide garbia da, gure hiriaren errealitatea ondo islatzen duena. Viralgeni dagokionez, oso denbora laburrean erakutsi du bere apustua dela Donostian eta Gipuzkoan potentzial handia duen proiektu baten adibide garbia. Garbi dago bioteknologiaren edo biozientzien sektorea aukera handiko sektorea dela gure hirian, enpresa gazteak sortzen ari baitira haren inguruan. Argi daukagu lagundu egin behar zaiela,
Donostia Sustapenak egiten duen moduan, hainbat instrumentu eta programaren bitartez.

Harvardek Viralgen aukeratu du COVIDarentzako txerto bat fabrikatzeko, eta duela gutxi Bayer multinazional alemanak eskuratu du enpresa.

Horrelakoek indartu besterik ez dute egiten bere potentziala eta epe laburrean hazteko aukera, horrek gure hiriarentzat dakarren
guztiarekin”. Berrikuntzaren Astearen barruan, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak aitortza berezia egin nahi die berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresei, eta Enpresa Berrikuntzaren Donostia INN sariak sortu ditu, bi kategoriarekin. Hori guztia Donostia Sustapenaren bitartez
egin da, berrikuntzaren kontzeptuari jarraituz hiriaren garapen ekonomikorako politikak, estrategiak eta proiektuak sustatzen dituen sozietatearen bidez. Honako hauek dira sarien
bi kategoriak:

  • Nazioarteko bokazioarekin negozio berritzaileak garatzeko apustu garbia egin duten enpresak, hirian errotutakoak eta harekin lotura handia dutenak, beren jarduera finkatu dutenak eta erreferentzia bilakatu direnak, ez soilik beren sektorean, baita hirian ere,
    kudeaketa eredu gisa.
  • Enpresa gazteak, duela gutxi sortutakoak, beren jarduera gure hiritik arrakastaz garatzen dutenak sektore berrietan, proiekzio handia dutenak mundu mailan, eta etorkizuneko enpresa eredua ordezkatzen dutenak, talentu eta oinarri teknologiko handikoak.
    Honako irizpide hauei jarraitu zaie sariak emateko:
    -Berrikuntzaren aldeko apustua: berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten enpresak, hirian enplegua eta aberastasuna sortzeko amoz, beren negozio ereduak etengabe berrasmatzetik abiatuta.
  • Eragina: berritzen duen eta hazten den enpresa orok eragin positiboa izan behar du, bai bere emaitzen kontuan bai bere kokalekuaren inguruan ere, kalitatezko enplegua sortuz eta talentua erakarriz eta inguruan mantenduz.
  • Enplegua: hirian eta eskualdean, estatuan edo nazioartean enplegua haztea positiboki baloratu da. Berrikuntza eta I+Ga hazkunde horren katalizatzailetzat jo dira.
  • Ikuspegi globala: bikain berritzen duten eta errentagarriak diren enpresak beren produktu eta zerbitzuak eskaintzeko eredu globaletara bideratuta daude.
  • Hiriarekiko lotura: bereziki baloratu da enpresek hiriarekin eta Donostia Sustapenarekin eta Donostiako Udalarekin duten lotura eta elkarlana, hiria berrikuntza eta talentu polo moduan egituratzen eta sustatzen laguntzen dutenak.