Prentsa oharra

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez tokiko ekoizleen esku jarritako merkataritza plataformak merkataritza bide berri bat irekitzeko balio izan du, norberaren ekoizpena zuzenean Donostiako kontsumitzaileari saltzeko, sarean. Bi egunez egon da www.diaproductolocal.eus webgunea abian, eta 400 salmenta eragiketa inguru egin dira: gutxi gorabehera 10.000 euro balioa izan dutenak, guztira.

Erosleek 6 euroko deskontua izan dute erosketa bakoitzeko,
Donostia Sustapenak ordaindutakoak, eta eskarian beren etxeetan jaso dituzte, doan, kutsatzen ez duten ibilgailuak darabiltzan garraio jasangarriko Txita enpresaren bitartez.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garemendiak, nabarmendu nahi izan zuenez, “oso gustura gaude ekimenarekin, frogatu baita nekazaritzako elikagaien sektorea nahikoa heldua dela sareko merkatuan sartzeko. Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez, apustua egiten du sektore horrentzako merkaturatze bide berriak esploratzeko, eta garbi dago sareko salmenta aukera bat dela honelako zalantza egoera batean eta, gainera, digitalizazio prozesuetan aurrerapauso bat dakar, lehenago edo beranduago enpresa guztiek egin beharko dutena etorkizuneko
merkatu digitalean finkatzeko, edozein tamainakoak direla ere. Tokiko produktua kontsumitzea ingurumenarekin arduratsu izatea da, eta irauten laguntzen die gure enpresa eta negozioei. Hau da, lagundu egiten die gure ekonomiari eta lanpostuei.

Gure aldetik, jarraitu egingo dugu tokiko ekoizleei laguntzen, digitalizatzea errazteko laguntza eta programen bitartez”.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez tokiko ekoizleen esku utzitako merkataritza plataformak hiriko sektore batzuen eraldaketa digitalarekin lotutako estrategiari jarraitzen dio. Orain dela hilabete batzuk hasi zen, kontsumo bonuen banaketarekin, Tokiko Produktuaren Egunarekin jarraitu du, eta Donostia Market Plaza plataforma indartzearekin eta beste jarduera batzuekin jarraituko du.

Aurtengo edizioan, tokiko 26 ekoizlek saldu ahal izan dizkiete beren produktuak zuzenean Donostiako kontsumitzaileei. www.diaproductolocal.eus webgunea abian egon den bi egunetan, 400 eragiketa egin dira, gutxi gorabehera. Guztira 1.962 unitate saldu dira, eta, batez beste, eskari bakoitzean bost produktu erosi dira.

Salmenten balioa, guztira, 10.000 euro ingurukoa izan da. Erosleek 6 euroko
deskontua izan dute erosketa bakoitzeko, Donostia Sustapenak ordaindutakoak, eta eskarian beren etxeetan jaso dituzte, doan, ibilgailu elektrikoak darabiltzan garraio jasangarriko Txita enpresaren bitartez.
Ekimen honetan parte hartu duten ekoizleek honako produktu hauek eskaini dituzte, besteak beste: barazkiak, esnekiak, gaztak, sagardoa, txakolina, txokolateak, haragia, gozokiak, tartak eta abar.

Tokiko Produktuaren Egunaren barruan egindako beste ekimenetako bat da urriaren 30ean Askora enpresak egindakoa: oso-osorik tokiko produktuekin egindako eskola menu bat.
• Bertako kalabaza krema: Ibon Labaienek egina, bere Usurbilgo baratzean
hazitako kuiekin.
• Lumagorri oilasko izter errea letxugarekin: euskal larreetan hazitako baserriko oilaskoa eta Batavia uraza, bertako letxuga mota.
• Bertako jogurt naturala: Donostiako Goenaga baserriko jogurta.