Prentsa oharra

Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua lehenesteko eskatu
dute EH Bilduko zinegotziek Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako zinegotziak Pasai Antxoko Topo geltokian bildu dira gaur, Gipuzkoako hiriburuko ekialdean bizi diren herritarrei mezu argia helarazteko.

Metro-pasantea lizitazio berri baten zain geldituta dagoenean, milioi askoko gainkostuak iragartzen direnean, eta EAJ eta PSEren lehentasuna pandemiaren erdian errentagarritasun sozialik gabeko azpiegituretan inbertitzen jarraitzea denean, EH Bilduk mahai gainean jarri ditu Herrialdeko eskualde honetako herritarren benetako mugikortasun-beharrak. Izan ere, gogorarazi behar da Eusko Jaurlaritzarentzat
lehentasuna duela eremu hori biziberritzeak.

Mikel Garcia Pasaiako zinegotziaren hitzetan, “Pasaia, Orereta/Errenteria eta Altzako EH Bilduko kideok salatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa txarra, eta kudeaketa horrek gure badiako bizilagunen egunerokoan eragiten dituen zailtasunak.”

Eusko Jaurlaritzak orain geldirik dagoen Donostiako pasanteko obra hasi zuenean, AltzaPasai Antxo-Galtzaraborda eremurako zegoen proiektua geldiarazi zuela azaldu du Garciak. “Horrek ekarri du Altzako geltokia jarraipenik eman gabe uztea, linearen maiztasunak bikoizteko aukerak alboratzea eta Pasai Antxon trenaren egungo ibilbideak, eta, batez ere, herria erdibitzen duen zubiak, dakartzan elkarbizitza arazoei
konponbiderik ez ematea, gauden lekuan ederki ikusten den bezala” gaineratu du Pasaiako zinegotziak.

Garbiñe Alkiza, Donostiako zinegotziak, bere aldetik adierazi du EH Bilduk argi duela “politikak herritarren bizitzetan zentratzeko garaia dela eta horrek garraio publikoa indartzea ekarri behar duela, gipuzkoarrek egunero erabiltzen duguna eta Eusko Jaurlaritzak alboratua duena”. Donostiako EH Bilduren kideak adierazi du ez duela “ezertarako balio” Jaurlaritzak bizi garen zonaldea “eremu degradatu” izendatzeak, gero
inbertsioak “beste norabait” bideratzen baditu. Beraz, “guztiz ulergaitza da EAJ-PSEk Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua kaxoian gordeta izatea, beharrezkoak ez diren azpiegiturak eraikitzen dirua xahutzen duten bitartean. Herritarrek ez dute ulertzen eta guk ere ez” nabarmendu du Alkizak.

Eta jarraitu du: “are gehiago, pandemia egoerak agerian utzi du erakunde publikoek ez dutela garraio publikoan behar bezalako inbertsiorik egin orain arte. Ondorioz, orain, jende pilaketak gertatzen diren uneak arintzeko ez dago behar besteko baliabiderik”.

Eta horrela bulkatu du Alkizak prentsaurrean egindako adierazpenak: “Eusko Jaurlaritzari herritarrek beharra duten lekuetan inbertsioa egin dezan eskatu nahi diogu, eremu honetako topoa lurperatzea; alde batetik, maiztasunak bikoizteko, eta bestetik, sortzen dituen zarata arazoak konpontzeko. Eta beharrezkoak ez diren azpiegituretako inbertsioak alde batera uztea”.