Prentsa oharra

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du gaur Donostiako Udalean, ETSk Altza-Galtzaraborda zatiari lehentasuna ematea eskatzeko.

Joan den asteartean Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako EH Bilduko zinegotziek AltzaGaltzaraborda zatia lehenestea eskatzeko prentsaurrekoa eman ostean, eta joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean egindako eskaeraren ostean, Arriola sailburuak erantzun behar izan du gaur, zati horren inguruko enegarren propaganda iragarkiaren bidez.

Egitasmoari buruzko datu berri esanguratsurik eman gabe, finantza konpromisorik hartu gabe eta aurrekontu partidarik iragarri gabe, proiektuaren lizitazioa “2021an” kokatu du Arriolak.

Altza-Galtzaraborda zatiari buruz eman duen informazio urria eta zehaztu gabea ez datoz bat metro-pasantearen Easo-Mirakontxa tartearen bigarren lizitaziorako hartu duen abiadura handiko bidearekin. Izan ere, kasu honetan, dirudienez, abenduan lehiaketara aterako litzateke eta lanak 2021eko maiatzean hasiko lirateke.

EH Bilduk, beste behin ere, adierazi nahi du Altza-Galtzaraborda zatia lehentasunezkoa dela Erdiguneko metro-pasantearen aldean. Hiri kohesionatuagoa lortze aldera, eta interes orokorraren defentsaren ikuspegitik, Altza-Galtzaraborda trenbide-zatiaren obrak hasteak metro-pasantearen gainkostuak ordaintzea baino premia eta lehentasun
handiagoa duela aldarrikatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Izan ere, Easo-Mirakontxa zatiaren obrak gelditu behar izan dituzten honetan, une egokia da lehentasunak berrikusteko. Are gehiago pandemia garaian, dauden baliabide urriak non inbertitu inoiz baino ikuspegi sozial handiagoarekin erabaki behar baita.

Eta Altza-Galtzarborda adarra lehenesteko beste arrazoi bat ere badago: gaur egun adostasun sozial eta politiko osoa duen proiektua da, Erdiguneko metro-pasantea ez bezala.

Hauek horrela, iragarri nahi dugu EH Bilduk mozio bat erregistratu duela gaur, Donostiako Udaleko osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzari eska diezaion Altza-Galtzaraborda tartea lehenesteko.

Eta EH Bilduk Altza-Galtzaraborda tartearen lehentasuna defendatzen du Donostiako interes orokorraren alde, hiriaren ekialdeko eta, bereziki, Altzako mugikortasun-beharrak donostiarron beharrak direlako. Ildo horretan, mozio honen bidez Donostiako EAJri eskatuko diogu arestian aipatutako zinegotzien prentsaurrekoaren harira aste honetan egindako adierazpenak zuzentzeko. Izan ere, Altza-Galtzaraborda zatia defendatzea ez da Donostiatik kanpoko interesak defendatzea, baizik eta guztiz kontrakoa, Altzako biztanleek duten mugikortasuna hobetzeko premiari erantzutea da. Ezin da onartu, mugikortasunean ere, Eneko Goiak altzatarrak bigarren mailako herritarrak bezala
hartzea.

Izan ere, Euskotrenen Altzako geltoki berria 2016ko irailaren 12an martxan jarri bazen ere, erabilera aurreikuspen handiak ez dira bete. Martxan jarri zenetik oso altzatar gutxik erabiltzen dute (“geltoki fantasma” izenez ezagutzen da lagunartean). Eta geltoki honek ezin ditu lortu aurreikusitako helburuak Altza-Galtzaraborda zatia egiten ez den bitartean, Altzako geltokia “Cul de sac” bat baita. Geltoki honek, beste zatia egiten ez den
bitartean, ez dio erantzuten Donostia-Irun ardatza hobetzeko dagoen eskaera handiari.

Eta gogoratu behar da ardatz hau dela Euskotren osoan gehien erabiltzen dena. Altza-Galtzaraborda proiektua iragarri zen lehen aldia 2013an izan zen, 70 milioi euro inguruko aurrekontua izango zuela adieraziz. Ez dago alde handiegirik Arriolaren gaurko iragarpenaren eta orduko iragarpenaren artean; izan ere, gaur ere, orduan bezala, ez da
iragarri Eusko Jaurlaritzak finantzaketa-konpromisorik hartuko duenik. Eta beste datu esanguratsu bat gogoratu behar da: Eusko Jaurlaritzak Erdiguneko metro-pasantea egiteko 200 milioi euro inguru bideratzea erabaki zuenean, Altza-Galtzaraborda proiektua tiradera batean gordeta geratu zen, eta hauteskunde-kanpainan baino ez dute
atera.

Laburbilduz, EH Bilduk uste osoa du Easo-Mirakontxa tartea geldirik dagoela aprobetxatu behar dela tiradera batean sartzeko eta, berriz, Altza – Galtzarabordako proiektua orain dagoen tiraderatik behin betiko atera behar da, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, behingoz.