Prentsa oharra

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez, proiektu eta zerbitzu adimendunen ideien lehiaketa bat jarri du abian, Donostian inguru errealetan probatzeko.

Gehienez ere sei ideia hautatuko dira hirian probatzeko, eta bakoitzak 5.000 euroko saria jasoko du. Deialdi honen bitartez, produktu eta zerbitzu berritzaile eta adimendunak garatzea sustatu nahi da, herritarrei onurak ekarriko dizkietenak eta berrikuntza teknologikoari eta tokiko enpresa sarea posizionatzen lagunduko dutenak “normaltasun berrian”.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, adierazi zuenez, “egoera zail honetan, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak uste dugu komeni dela inguruko enpresa teknologiko eta berritzaileei aukerak ematea, beren proiektuak eta jakintzak dibulgatzen eta horietan aurrera egiten jarrai dezaten, Donostiakoa bezalako inguru
erreal batean beren ideiak probatuz. Gainera, hiriak eta bertako biztanleek inoiz baino gehiago behar dituzte beren egunerokoa eta bizi kalitatea teknologiari esker hobetzeko irtenbide berritzaileak. Horregatik da interesgarria deialdi hau, aukera ematen baitu enpresa
teknologikoen, Donostiaren eta bertako biztanleen artean loturak sortzeko, normaltasun berriaren mugek sortu diguten egoera hobetzeko asmoz. “

Deialdiaren xedea da bertako enpresek garatutako soluzio adimendunak probatzea. Horretarako, hiria living lab edo laborategi bizi gisa erabiliko da, Donostia erreferente adimendun gisa kokatzen laguntzeko. Deialdia Donostiako smart estrategiaren edo estrategia adimendunaren barruan kokatzen da, Donostiako Sustapenak koordinaturik, eta haren helburua da hirian berrikuntza teknologikoa sustatzea, tokiko enpresei lagunduz eta
produktu eta zerbitzu adimendunak garatzeko eta ezartzeko negozio aukera berriak sortuz.

Horrekin guztiarekin, Donostia «normaltasun berrira» egokitzeko irtenbideak planteatu nahi dira, COVID-19ak sortutako pandemia egoeraren ostetik.

Proposamenak ildo tematiko desberdinetan aurkeztu ahal izango dira. Ildo horietako bakoitzak normaltasun berrian sorturiko arazoak konpontzeko erronka zehatzei helduko die soluzio adimendunen bidez. Hautatutako ideiak honako sariak jasoko dituzte:
• IKT soluzioen ildo tematikoa: gehienez bi sari, bakoitza 5.000 euroko zenbatekoarekin.
• Jasangarritasun energetikoaren ildo tematikoa: gehienez bi sari, bakoitza 5.000 euroko zenbatekoarekin.
• SmartKalea proiektuaren esparruan ezarririko proposamen irekien ildoa: gehienez bi sari, bakoitza 5.000 euroko zenbatekoarekin.

Deialdiaren oinarriak http://www.fomentosansebastian.eus/smartkalea/eu/bulego-birtuala helbidean eskuragarri daude Eskabideak aurkezteko 20 egun baliodun izango dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Proiektu-ideiak posta elektroniko bitartez bidaliko dira jarraian zehazten den helbidera: fomentoss@donostia.eus