Prentsa oharra

EH Bilduk proposatzen du tasak eta zergak barkatzea, alokairuak murrizteko bitartekaritza egitea eta lana eta familia bateratzeko lan-poltsa sortzea Covid-19 birusaren bigarren olatu honetan, berriz ere, sektore kaltetuenak merkataritza txikia eta, oraingoan, batez ere, ostalaritza txikia dira. Handik eta hemendik dirulaguntzak iragartzen ari diren arren, esan beharra dago oso errealitate gordina pairatzen ari direla.

Izan ere, Eneko Goia alkateak egun batzuk daramatza esaten ez dituela terrazen gaineko zergak eta tabernetako hondakinen bilketa kobratuko, baina, aldi berean, egun beretan, Udalak martxoa-maiatzean atzeratutako zergak kobratu dizkie tabernari berdinei.

Adibide bat da, oso krudela, baina pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Udal Gobernu honek asko duela hobetzeko adierazten duena.
Beste adibide bat PREKekin gertatu dena da. Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasean, 1.038.970 euroko laguntzak bideratuko dira merkataritzara eta ostalaritzara, Planaren lehen fasean baino % 33 gutxiago (1.500.000 euro). Ez da ulertzen sektore horren egoerak okerrera egin duenean laguntzak jaistea. Lehen faseko laguntzak nahiko urriak izan ziren orduan, eta orain are urriagoak. Izan ere, Udal Gobernuak ez du egin
lehen fasearen balorazioa bigarren fasea aurkeztu baino lehen.

Gainera, merkataritzaren laguntzei dagokienez, esan behar da lehen faseko laguntzak auzoetara ez zirela iritsi, eta bigarren fase honetan ere ez dela ahaleginik egiten hutsune hori zuzentzeko. Izan ere, gogorarazi behar da, lehen fasean, Udalak emandako ekonomia berraktibatzeko laguntzen % 1 baino ez zirela iritsi ekialdeko auzoetara, hiri osoan laguntzak jaso zituzten 1.429 saltokitatik 14 baino ez. Hau da, % 1.

Bestalde, berriro esan behar dugu neurri horiek guztiak Eneko Goiaren ekipoak aldebakartasunez hartzen dituela, sektorearekin bildu gabe. Merkatarien eta ostalarien elkarte desberdinetatik iristen zaigu kezka handia Udal Gobernua ez delako haiekin biltzen eta askotan prentsaren bidez izaten dutela neurrien berri. Akats larria iruditzen zaigu.

Pandemia hasi zenetik, Donostiako EH Bilduk jarrera argi bat mantendu du: Epe motzean sektore kaltetuenei laguntzeko diru-laguntzak eman bai, baina ekonomia birbideratzeko azken helburuarekin. Covid-19aren ondorioz, aurrez gure hirian genituen krisiak bizkortu eta azaleratu egin ditu. Eta krisiari aurre egiteko orduan, pausoak alde batera edo bestera ematea da orain erronka. Donostiako EH Bilduk oso argi du beti bezala
jarraitzeak ez duela balio. Ez du balio, adibidez, uharteko itsasargiaren obran dirutza bat xahutzen jarraitzeak (5 miloi euro baino gehiago), ostalariak bere tabernak eta jatetxeak ixten ari diren bitartean.

Horrela, krisiaren ondorioei modu azkar, eraginkor eta batez ere justuan erantzuteko neurriak proposatu ditugu eta, aldi berean, neurri horien bitartez Donostiak gaur eta etorkizun hurbilean izango dituen erronkei erantzungo dien hiri-ekonomia berri baten bidean urratsak eman. Deskonfinamenduan horixe esaten genuen eta orain, bigarren
olatua delakoan, berretsi egiten dugu orduan esandakoa.

Beraz, erakunde guztietatik ezartzen diren neurriek eraldaketa sustatu behar dute, bestelakoan iraganeko akatsak errepikatuko ditugu. Horixe da orain Olaiak azalduko dituen neurrien xedea.

PROPOSAMEN ZEHATZAK
1) Tasak eta zergak: Proposatzen dugu ez kobratzea tasak eta zergak administrazio desberdinek hartutako osasun neurrien ondorioz dendak eta tabernak itxita egon diren bitartean. Era berean, tasak eta zergak proportzionalki kobratuko dira edukiera murriztapenak aplikatu direnean.

2) Establezimenduen alokairuetan bitartekaritza: Egiten diren adierazpen eta aldarrikapenetatik haratago, Udal Gobernuak, merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu aktibitateen lokalen alokairuen prezioak murriztu ahal izateko bitartekari lanak egin beharko lituzke. Alkateak dio ez duela ezer egin eskumenik ez dituelako eta merkatuaren legearen arabera jokatu behar delako, baina hori ez da zuzena, Bilbon udalak bitartekaritza lanak egiten ari delako zenbait eragile sozialen eskutik. Zentzu honetan, interpelazio bat aurkeztu du EH Bilduk, datorren asteleheneko Udal
batzordeetan jorratzeko.

3) Kontziliaziorako lan-poltsa: COVID19ak eragindako osasun-alarma egoerak, lehendik zaurgarritasun egoeran bizi ziren pertsona eta kolektiboen egoera okertu du. Haien artean, kezka handia dugu hiriko etxeetan, garbiketa lanetan zein pertsonen zaintzan, lan egiten duten emakumeekin. Kasu gehienetan emakume migranteak dira eta hirugarren
sektoreko kolektiboek (Haurralde Fundazioa, SOS arrazakeria, Caritas, hiriko Harrera Sarea, Malen Etxea, Agisas Gipuzkoa…) aste hauetan zehar salatu dutenez, oso egoera zailak ematen ari dira. Hirian 2.500 bat emakume daude egoera honetan, Sos arrazakeriak egindako ikerketen arabera.

Aldi berean, familia asko dira haien nerabeen edo adinekoen zaintza lanak kontziliatzeko zailtasunak dituztela adierazi dizkigutenak (batez ere, autonomoak diren dendarien eta ostalarien kasuan).

Planteatzen duguna da bi behar hauek lotzea: kontziliazio beharrak eta emakume hauen laneratze beharrak. Donostiako Sustapenaren bidez etxeko langileen poltsa bat sortu daiteke eta hirugarren sektoreko elkarte batekin poltsa hori gestionatu (SOS Arrazakeria edo Emakumeen Etxea, adibidez) eta udalak kostua asumitzea baldintza batzuk ezarriz.

Egun batetik bestera martxan jarri daitekeen zerbitzu bat izango litzateke eta app baten bidez edo sustapeneko web orrialdearen bidez eskaerak egiteko aukera emango luke.

4) Kontsumorako bonoak: Orain arte AESen bidez (gizarte larrialdietarako laguntzak) gestionatu diren hainbat behar (etxetresna elektrikoak erostea, adibidez) hiriko merkataritza sustatzeko bonoen bidez gestionatzea proposatzen dugu. Horrela ekonomia zirkularraren logikaren bidez, diru publikoa hiriko ekonomia sustatzeko erabiliko genuke, behar sozialei erantzuna ematen diogun bitartean. Eskaera egiten duen familiari bere
auzoko denda batean gastatzeko bonoak emango zitzaion.

Zentzu honetan, PREK-aren lehen fasean egindako bonoen inguruko kanpaina berreskuratzea proposatzen dugu, baina oraingoan auzoetako ikuspegia txertatuz, auzokako kanpainak eginez.

5) Tokiko eta gertuko kontsumoa suspertzeko: PREK oso motz geratzen da arlo honetan.
Bi proposamen:

  1. Dagoeneko martxan dagoen kudeaketa publikoko banaketa plataforma (Txiten egitasmoa) indartu eta egun dituen mugak (janaria ezin banatu…) ahalbait azkarren gainditzeko neurriak hartu.
  2. Kooperatibagintza sustatu, eredu honetan oinarritzen diren etxez etxeko zerbitzuenpresa berriak sortzen laguntzeko, eta Glovo eta antzekoei alternatiba erreal eta iraunkor bat proposatzeko.