Idatzia

Udalak Easo kalea eta Aldapetako malda elkartzen diren izkinan eraikiko den merkataritza-gunearen hirigintza-plangintza onartzeko asmoa agertu du. Hirugarren arloko azalera horrek hiru establezimendu handi bakarrik izango ditu, tartean supermerkatu bat, eta, gainera, lau solairuko aparkaleku bat izango du (txandakako 200 plaza eta egoiliarrentzako 70 plaza).

(2020/10/06ko Diario Vascotik ateratako informazioa)

Txandakako aparkalekuak eraikitzeak ondorio zuzenak ditu hiriko mugikortasunean eta auzoen bizi-kalitatean; kasu honetan, ondorio kaltegarriak izango ditu hiriaren erdialdeko zirkulazioan eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa areagotuko ditu.

Hiri-antolamendurako Plan Nagusia justifikatzeko memoriak (142. orrialdea) proposatzen du motordun hiri-garraioaren ingurumen-inpaktua (CO2 eta gas kutsatzaileen emisioa, zarata, energia-kontsumoa, eta abar) murrizten laguntzea, eta horren ondorio kaltegarriak arintzeko hartu behar diren neurriak zehazten ditu.

Donostian atmosfera kutsatzen duten emisio-iturri nagusiei dagokienez, orain arte egin diren hainbat azterketek ondorioztatu dute ibilgailuen zirkulazioa dela gure hiriko kutsadura atmosferikoaren eragile nagusia; leku eta ordu jakin batzuetan hautematen diren kutsadura-arazoak ibilgailuen zirkulazioarekin lotuta daude beti.

Erakargarria da txandakako aparkalekuak dituzten auzoetara autoz joatea. Horregatik, Europako hiriburu gehienek orain dela urte asko ez dituzte txandakako aparkaleku gehiago eraikitzen hirien erdialdean, eta ez da harritzekoa, trafikoa saihesteko gainerako neurriekin kontraesanean, zirkulazioa areagotzen baitute.

Mugikortasun iraunkorreko politika guztiek partekatzen duten ikuspegi hori berariaz jasota dago 1989tik indarrean dagoen Hiri-antolamendurako Plan Nagusian, zeinak adierazten baitu aparkalekua funtsezko baliabidea izango dela motordun garraio pribatutik garraio publikorako aldaketa sustatzeko. “Oraingo aparkaleku-plazez gain eraikitzen diren plaza guztiek eremua erakargarriago bihurtzen dute auto-gidariarentzat, eta horrek beharrezkoak ez diren joan-etorri berriak sortzen ditu. Erdialdeko kaleetan aurreikusten diren esku-hartze guztiek premisa hori hartu behar dute abiapuntutzat. Horiek horrela, erabilera orokorreko lurpeko txandakako aparkalekuak azaldutako politikarekin kontraesanean daude eta, hortaz, baztertu behar dira[1]“. 1989az geroztik soberako zenbat plaza gaitu dira?

Merkataritza-gune berriko aparkalekuak trafikoa erakarriko du, eta horrek gure ikuspegia, eta baita Plan Nagusiarena ere, berresten du, alegia, ez dela txandakako aparkaleku-plaza berririk eraiki behar hiriaren erdialdean dauden eta garraio publiko ona duten auzoetan.

Udalak behin eta berriz azaldu du hiriaren erdialdean motordun ibilgailu pribatuen sarrera geldiarazi behar dela, epe ertainera, erdialdea emisio txikiko eremu bihurtzeko asmoa baitu.

Klima 2050 Ekintza Planaren helburuetako bat da, 2030erako, motordun ibilgailu pribatuetan egindako ibilbideak % 20 murriztea oraingo zifrekin alderatuta. Hiriaren erdialdean txandakako aparkaleku berri bat eraikitzeak ez du helburu hori lortzen lagunduko.  

Ez dugu ahaztu behar merkataritza-guneak, metro-topoaren pasabidea abian jartzen denean, sarbide zuzena izango duela hortik hurbil eraikitzea aurreikusita dagoen geltokitik.

Haatik, metro-topoaren pasabideak hiriaren erdialdean sartzen diren ibilgailu partikularren sarbidea murrizteko balio beharko luke, besteak beste.

Bestetik, kontuan hartu behar dugu, inguru horretan, 50 eta 250 metro bitarteko erradioan, badaudela txandakako beste aparkaleku batzuk (Artzain Ona: 384 plaza, Kontxa: 655 plaza, San Martin: 300 plaza eta Easo: 146 plaza). 

Horrez gain, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunak nabarmentzen duen moduan, aparkaleku berriak eragin lezakeen inpaktua aztertu eta, aldez aurretik, Mugikortasun Kontseiluari aholku eskatu behar zaio: “Hiri-antolamendurako Plan Nagusiak barne hartzen dituen aurreikuspenei jarraiki, hiriaren erdialdean txandakako aparkalekuen eskaintza zabaltzearekin batera horrek eragingo lituzkeen inpaktuen azterketa egin behar da eta Trafiko Batzordeari aholku eskatu behar zaio aurretik“.

Era berean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) xedatzen du, aparkalekua eraiki aurretik, inguruko zirkulazioaren intentsitatean izango duen inpaktua eta eragina neurtzeko azterketak egin behar direla.

Zehazki, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak (PMUS) adierazten du tamaina horretako aparkalekuak eraikitzeko sarbideak aztertu behar direla, aparkalekuan sartzeko eta handik irteteko trafikoak ahalik eta inpaktu txikiena izan dezan erdialdeko zirkulazioan. Komenigarria da gogora ekartzea Bulebarreko aparkalekuan sartzeko pilaketak sortzen direla, eta horrek Zurriolako zubiko muturretan oinezkoen eta txirrindularien artean sortzen diren gatazkak ebazteko espaloiak zabaltzea eragozten duela.

San Bartolomé harresian Urdaneta kaletik aurreikusi den sarrerak nabarmen oztopatzen du Easo kaleko fluxua, erdialdera joateko ibilbidean. Izan ere, Amaratik erdialdera eta Antiguora doazen Dbus autobusek eta txirrindulariek sarri hartzen dute bide hori.   

Halere, goiko hausnarketa guztiak alde batera utzi dira merkataritza-gune berriko lurpeko aparkalekua eraikitzeko Plan Berezia prestatzean.

Aipatutako aurretiko eskakizunak bere garaian ere planteatu ziren San Martin merkatuko eta García Lorca pasealekuko autobus-geltoki berriko txandakako aparkalekuak abian jartzean, baina egin beharreko azterketak ez ziren inoiz egin.  

Historia berriro errepikatzen ari da orain. Ikusi dugu Udalak Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunak jasotzen dituen konpromisoak urratu dituela berriz ere. Hortaz, zertarako ematen ditugu hainbeste ordu ados jartzeko eta zertarako egiten ditugu hainbeste bilera, une erabakigarrian, Udalak erabakiak hartzean ez badio hitzari eusten? Udalak esaten du herritarren partaidetza bultzatzen duela, baina ez du kasurik egiten eta ez entzunarena egiten dio Mugikortasun Kontseiluari.

Proiektu honek xede izan behar du egoiliarren aparkaleku-arazoak konpontzea eta txandakako aparkaleku gehiago eraikitzea saihestea. Horretarako, gure ustez, hedabideetan aurkeztu den Plan Bereziaren onarpena atzera bota behar da.


[1]  Plan Nagusiaren Bulegoa: “El tráfico en el centro de Donostia – San Sebastián”, 2. orrialdea, Donostiako Udala, 1989.