Prentsa oharra

Sahara-Euskadi mugimenduak, 1988an adostutako autodeterminazio erreferenduma berehala egiteko exijitu die Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuei Saharar herriari elkartasuna adierazteko lanean ari diren hainbat euskal erakundek agiri batean Marokok Mendebaldeko Saharan 1991tik indarrean dagoen su-etena apurtu izana salatu dute. Gatazkan duten erantzukizuna bere gain hartzeko eta 1988ko Bake Akordioan
aldeek adostu zuten autodeterminazio-erreferenduma antolatzeko eskatu diete Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuetan ordezkatuta dagoen nazioarteko komunitateari.

Mugimendu solidarioak azpimarratu du Marokoko Estatuak liskarrak berrekiteko orduan duen erantzukizuna, bai eta “eremuan sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezengonkortasunarekiko” erantzukizuna ere. Marokok Gergerat ingurura tropak bidali izana, su-etenaren apurketa eta horrekin batera ematen den 1991ko Akordio Militarren urraketa dakartza. Marokok legez kanpoko bidea zabaltzeko mugiarazi zituen tropak, urriaren 21etik herritar sahararrek mobilizazio baketsuetan itxiarazi baitzuten. “Nazio Batuen oniritzia duen Bake Akordioak (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio
militarrek Marokoko harresi militarrean pasabideak irekitzea debekatzen dute”, gogorarazi dute agirian.

Su-etenaren hausturaren aurrean, “deskolonizazioaren zain dagoen Afrikako azken lurralde ez autonomoarekiko erantzukizuna bere gain hartzeko” exijitu diote Espainiako Gobernuari.

Era berean, Nazio Batuen Erakundeari eta Mendebaldeko Sahararen Erreferendumerako Nazio Batuen Misioari (MINURSO) “inguru horretan segurtasuna mantentzeko eta azaroaren
13ra arte modu baketsuan manifestatzen ziren saharar herritarrak babesteko gai ez direla” egotzi diete, “bai eta azken 45 urteetan ezer egin ez dutela”. “Herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bati ezartzen zaion guda berri bat” dela hau dierazi dute, “45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena”. “Egun hauetan gertatutakoa, errespetatu gabeko konpromisuen eta Marokoko Erresumak Akordioei eta Nazioarteko Zuzenbideari, behin eta berriz, eragindako urraketen aurrean nazioarteko
komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri besterik ez da. Marokok eta bere laguntzaileek saharar herriaren bakearekiko eta konpobide baketsuarekiko konpromisua ahuleziarekin nahasi dute”, gehitu dute.

Mobilizazioak: Saharar herriari eta Fronte POLISARIOari babesa adierazteaz gain, elkartasun mugimenduak euskal gizarteari dei egin dio hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.