Prentsa oharra

Aitzole Aranetak ohartarazi duenez, “Ezin da inolaz ere aurrera egin lan horietan
gertatzen ari dena argitzeko eta segurtasuna bermatzeko txosten serio bat izan gabe”

“Lanak geldirik daudenean agertu da zulo berria, eta horrek agerian uzten du lurzoruko kaltea lehenagotik egina dagoela. Euskal Trenbide Sareak ez bazekien arriskuaren garrantziaz larria da, baina jakinda ez badu ezer esan, kasu honetan are larriagoa izango litzateke” salatu du bozeramaileak

DONOSTIA. Elkarrekin Podemos-IUk Donostialdeko Metroaren lanei “argia eta takigrafoa jarriko dizkien” auditoria-txosten serio bat egitea eskatu du, gaur goizean EuskoTreneko pasantearen lanetan beste zulo bat agertu ostean, Donostiako Zubieta kalean.

Aitzole Araneta udal taldeko bozeramaileak esan duenez, “Guztiz ezinbestekoa” da premiazko ikuskaritza hau egitea, zoruak jasaten dituen kalteak zehazteko. Hala, “Inguru horretan gertatzen ari
dena argitzeko eta segurtasuna bermatzeko txosten serio bat izan gabe, inongo urratsik ez ematea eskatu dugu bai donostian bai eusko legebiltzarrean etengabe”, ohartarazi du.

Donostiako Elkarrekin Podemos-IU udal taldeak aspalditik salatu du inguruko ikerketa geologikoak ez zirela “nahikoak”, eta gertakari berriak hori agerian utzi du. Hori dela eta, Aitzole Aranetak berriz ere eskatu du azterketa geologikoak egitea, eremuaren egonkortasuna eta, ondorioz, pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Horren harira, Eneko Goia alkateari ohartarazi dio Udal Gobernuaren “erantzukizuna” dela “donostiarrak inguru horretan metroaren lanak eragiten ari diren zuloetako batean erortzeko arriskua
nabarmena baita”.

Era berean, Metroko obrekin batera dagoen gardentasun falta salatu du udal taldeko bozeramaileak, izan ere, “Oraindik ez dakigu lurzoruaren kalteak noraino iristen diren”. Azken gertakaria, ohartarazi
duenez, lanak geldirik daudela heldu da, eta horrek “kaltea lehenagotik eginda dagoela erakusten du”.

Horrela, “Edo Euskal Trenbide Sareak (ETS) ez zekien larria dela, edo ez du ezer esan, are larriagoa dena”, salatu du Aitzole Aranetak.