Prentsa oharra

Inbertsioetarako aurrekontua 1.330.000 eurokoa zen, baina Udal Gobernuak 325.000 eurokoa izatea inposatu du azkenean.

Atzo, Ekialdeko Barrutiaren presidente Martin Ibabek iragarri zuen Udal Gobernuak %75,5 murriztuko duela Barrutiaren 2020ko aurrekontua. EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu duenez, Eneko Goiaren gobernuak Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoekiko duen mespretxuaren enegarren episodioaren aurrean gaude. Ibabe presidenteak Udal Gobernuaren erabakia publikoki berretsi duela ikusita, onartutako aurrekontuaren defentsa egin beharrean, aztertu beharko luke ardura horretan jarraitu ala ez. Hau da, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako herritarren interesak defendatzeko gai ez bada, hobe da hori egingo duen norbaiti uztea bere kargua.

Ekialdeko Barrutiak 1.330.000 €ko aurrekontua zuen esleituta 2020ko inbertsiotarako.

Tartean zeuden egin gabeko egitasmoengatik 2019tik zetozen diru sailak (Ogasunak onartu zuen, lehen urtea izanik, diru sail horiek 2020ko aurrekontuari gehitzea). Covid-19aren ondorioz, Udal Gobernuak aldebakartasunez erabaki zuen 2020ko aurrekontuaren exekuzioa etetea, Barrutiko Batzordearekin kontrastatu gabe. Araudi Organikoak zehazten duenez, Barrutiko Udal Batzordeari dagokio Udaleko organo zentralekin funtsezko gaiak adostea, hala nola bere aurrekontu-partiden kudeaketa (17.10 art.). Hala ere, Eneko Goiaren Gobernuak printzipio horiek alde batera utzi zituen, aurrekontua alde bakarretik blokeatuz.

Bada, Udal Gobernuak berriki jakinarazi du berrabiatu egingo dituela inbertsioetako 13 milioi euro, eta diru sail horretatik 325.000 € besterik ez izatea Barrutiko egitasmoak gauzatzeko. Udal Gobernuak hartu duen erabaki hori ez zaigu ondo iruditzen, berriz ere ez duelako Barrutiaren Udal Batzordearekin kontrastatu, inposatu baizik. Barrutiak inbertsioetarako onartuta zuen 1.330.000 € kopuruaren % 75,5 besterik ez delako. Ez zaio beste ezelako udal saili ezarri hain murrizketa handia.

Gainera, hori gutxi ez eta Udal Gobernuak eskatu dio Barrutiko Udal Batzordeari aukeratu ditzala 2019tik egiteke zeuden ekintzen artetik 325.000 €rekin egin daitezkeenak, eta besteak baztertzeko (2019ko egin gabeko egitasmoan kopuru osoa 406.257 € da).

Miserablea iruditzen zaigu 80.000€ horiek ere murriztea Barrutiari. Gainera, ezegokia iruditzen zaigu azken orduan horrelako erabaki bat hartu behar izatea, jakinik, garaian hautaketa ariketa hori egina zuela Barrutiko Egituraketa lan taldeak. Ez dugu uste onargarria denik Udal Gobernuak berak eragin duen arazo bat orain Batzorde horri
pasatzea.

Desadostasuna adierazteko, Ekialdeko Barrutian EH Bilduk dituen bi ordezkariek, Garbiñe Alkiza eta Zigor Etxeburua, ez zuten parte hartu asteleheneko Egituraketa lan taldean.

Gogoratzen dugu, era berean, aurreko hileko Udal Batzan ekimena aurkeztu genuela eskatzeko Udal Gobernuari blindatu dezala Ekialdeko Barrutiaren 2020ko aurrekontua (2019tik datozen diru sailak barne), eta okerren daudenak gehiago babestea aldarrikatzen duen ekitate printzipioari kasu eginez, ez dezala murriztu ikuspegi sozialeko beste diru
sailen artetik gutxien murriztu duen diru sailaren ehunekoa baino gehiago, baina PNVk eta PSEk atzera bota zuten. Argi geratu da orain zertan ari ziren, aurrekontuak blindatu beharrean murrizteko lanetan ari ziren.

Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizi-baldintzak hobetzeko inbertsio gehiago eskatzen ari da EH Bildu. Aldiz, langabezia, errenta eta abarren indize txarrenak dituzten auzoak izan arren, Eneko Goiak erantzun ohi digu ezin dituela auzo horiek desberdin tratatu. Baina oraingoan desberdin tratatu ditu, baina okerrago tratatzeko.