Prentsa oharra

Gipuzkoako Erizaintzako Berrikuntza eta Ikerketako Elkar Ezagutuz Jardunaldien XIV. edizioa egin zen atzo Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialean (COEGI), eta han, lau komunikazio eta poster bat aurkeztu zituzten. Foro honen helburua, hain zuzen, Erizaintzako profesionalek egindako lanak eta ikerketak ezagutaraztea eta partekatzea da.

Amaia Cuesta erizainak “Eskolako heziketa COVID-19aren aurrean: prebentziorako oinarrizko jarraibideak” lana aurkeztu zuen. COEGIk sustatutako eta urrian ikastetxe batean garatutako proiektu pilotu baten emaitzak biltzen ditu, eta Publikoaren Saria jaso zuen. Proiektu horren helburua da hezkuntza komunitateari laguntzea SARS-CoV-2aren aurrean osasuna prebenitzeko eta sustatzeko jarduketetan. Tailerra 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat da, eta erizainek ematen dute. Tailerrak metodologia aktiboak erabiltzen ditu, hausnarketa kritikoa bultzatuz, eskuak higienikoki garbitzearekin, maskararen erabilera egokiarekin edo distantzia soziala sustatzearekin lotutako eguneroko egoerak irudikatuz.

Lanaren ondorioen arabera, koronabirusa prebenitzeko neurriak lantzeko tailerrera joan ondoren, oro har, handitu egiten da prebentzio portaera egokiei buruzko ezagutza. Era berean, Amaia Cuestak honela nabarmendu zuen: “Horrelako erronkak izatea estrategia bat da, erizaintzaren lanbidearen ikusgarritasuna eta osasunerako hezkuntzan duen funtzioa hobetzeko”.

Bestalde, Zihortza Marzan erizainaren “Sukaldean Diabetesarekin” lanak ikerketa lanaren saria jaso zuen. Lan horrek, hain zuzen, erizainek gidatutako hiru webinarren emaitzak biltzen ditu. Helburua da elikaduraren bidez diabetesa ondo kontrolatzearekin lotutako alderdiak ezartzea, eta, era horretan, “diabetesa duten pertsonen ahalduntzea areagotzea”. Webinar horietako bideoak ikusgai daude Gipuzkoako Diabetes Elkartearen Youtubeko kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCb5Oj41xaDp9j4d609dafrg