Prentsa oharra

Gaur, Donostiako metro-pasantearen obren jarraipenerako batzorde ez-iraunkorra egin da osoko bilkuren aretoan, eta bertan parte hartu dute Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak, Antonio Lopez obraren zuzendariak eta Eneko Goia alkateak. Prentsa bertan egotea baimendu da, baina ez diete irudirik eta audiorik hartzen utzi.

Garbiñe Alkizak, EH Bilduren aldetik, obraren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruzko azalpenak eskatu dizkie ordezkari publikoei, eta bizilagunen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatuta ote dagoen galdetu du.

Lanak izaten ari diren etengabeko ezbeharren eta azken zuloaren ostean herritarrak seguru ote dauden galdetuta, Martinez de Cabredok erantzun du “erabat lasai” dagoela eta berak berme guztiak ematen dituela obrarekin jarraitzeko, baina ezin duela ziurtatu zulo gehiago sortuko ez direnik.

Horrek kezka handia eragin dio EH Bilduko ordezkariari, eta erantzun dio ea “zenbat zulo gehiago agertu behar diren” ETSko ordezkaria kezkatzen has dadin.

Alkizak metro-pasantearen lanen inguruko gardentasun falta azpimarratu du. Izan ere, gaurko batzordearen bilera azkenekoa baino 4 hilabete geroago dator, nahiz eta bi hilean behin bildu behar den, eta oraindik ez dira bidali uztailaren 20ko bileran agindutako txosten geoteknikoak. Eta esan behar da gaurko bileran ere ez dela zenbait galdera tekniko eta ekonomikorik erantzun. Gainera, Alkizak alkateari leporatu dio Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileari erantzun ere ez izana, joan den asteazkenean Zubietako bizilagunekin egindako bileran parte hartzeko eskatu zionean.

Obraren gainkostuei dagokienez, galdetu eta berriro galdetu arren, ez dugu lortu Martinez de Cabredok jakinaraztea Easo-Mirakontxa tartearen lehen lizitazioak zenbat gainkostu pilatu duen dagoeneko, ezta bigarren lizitazioak zenbat kostatuko duen ere, “abenduaren amaierarako” lehiaketara ateratzea espero bada ere.

Martinez de Cabredok azaldu duenez, lurraren azterketa geotekniko egoki bat izateko metro bakoitzeko zundaketa bat egin beharko luketela, baina hori aurrekontuei dagokionez onartezina omen da, beraz tunela eraiki ahala sortzen diren ustekabeei erantzutea izan da aukeratutako lan-metodoa. Bide publikoan eraikitzeko prozedura honek
berekin dakartzan ondorio etikoak eta segurtasunari buruzkoak alde batera utzita,

aukeratutako metodoaren aurrekontu-desfaseen aurrean, Garbiñe Alkizak ETSren ordezkari politikoari galdetu dio ea ez ote zen hobe izango azterketa geotekniko xehatu bat egin izana obrari ekin aurretik, eta orain ez ibiltzea askoz ere milioi euro gehiago kostako diren adabakiekin. Gainerakoan, Martinez de Cabredok garrantzia kendu die agertutako zuloei eta obra % 80an eginda dagoela eta, beraz, amaitu egingo dutela ziurtatu du, nahiz eta aparteko gertakariak egon.

Obraren alderdi teknikoenei dagokienez, Antonio Lópezek baieztatu du lehen zuloa agertu ondoren proiektatu ziren esku-hartzeak hiru izango direla, eta ez bat, abuztuaren 3ko ETSren oharrean jakinarazi zen bezala, eta ez dutela hiru hilabete iraungo, Aste Santura arte baizik. Zundaketa kanpaina berri baten berri ere eman du, gaur bertan hasiko omen dena. Eta baieztatu du, langileen iturriak aipatuz EH Bilduk esan zuen bezala,
Morlansetik datorren fronteko lanak ere ekainean gelditu zirela (irailaren 25ean ETSk prentsa-ohar batean lehen lizitazioaren kontratua etetea aztertzen ari zela iragarri arte, bai Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bai Goiak berak irmo ziurtatu zuten obrak ondo zihoazela
fronte horretan).


Goia alkateak, bere aldetik, adierazi du ez dituela bizilagunak eta merkatariak konpentsatuko iragarritako atzerapenengatik, eta ez duela barne prozedurarik jarriko metroarekin gertatzen ari dena ikertzeko.

Bigarren zuloa agertu ondoren, eta obra honek herritarrengan sortu duten ziurgabetasuna eta haserrea kontuan hartuta, EH Bilduk salatu nahi du, beste behin ere, EAJk eta PSEk metro-pasantearen obra honekin kosta ahala kosta aurrera jarraitu nahi izatea, donostiarren eta langileen segurtasuna kontuan hartu gabe, gainkostuak biderkatu ala ez, pandemia garaian egon ala ez. Ez da zentzurik gabeko obrekin eta diru publikoa xahutzeko garaia; obra gelditu egin behar da.