Prentsa oharra

Oriako Itxian, Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu, baina Donostiako udalerrian, legez kanpo utzitako hainbat hondakin daude. Ikus bideoa:

Horren berri eman zion Eguzkik Donostiako Udalari joan den abuztuan.

Irailean, berriz, Udalak erantzun zuen hondakinak lursail pribatu batean daudela, eta, ondorioz, lurjabeak direla (antza denez, Allerruko gasolindegia) hondakinen ardura dutenak.

Oso logikoa, baina, lursail pribatu batean egon arren, hondakin horiek legez kanpo daude han. Gauzak horrela, irailean bertan galdetu genion Udalari ea lurjabeei hondakinak bertatik kentzeko errekerimendua egin dien.

Erantzuna iristen ez zenez, insistitu behar izan dugu, baina, azkenean, hemen dugu: “Zonaldea ez da udaleko jabetza, horregatik, ez da udal honetako kale garbiketa eta hondakien kontratuetan agertzen”.

Guk zuzenean egindako galderari erantzun ez dionez, ondorioztatzen dugu Udalak lurjabeei ez diela errekerimendurik egin eta ez duela egiteko inolako asmorik. Ardura-utzikeria nabarmena iruditzen zaigu, argi eta garbi.

Hondakinen Legeak espresuki debekatzen du “edozein motatako hondakinak kontrolik gabe abandonatzea, isurtzea edo ezabatzea”, eta nahiko argi uzten du eskumena, Oriako Itxiko bezalako kasuetan, toki-erakundeena dela, udal eta mankomunitateena, alegia. Donostiako Hiri Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantzak ere ez du onartzen hondakinak edonon eta edonola uztea, jakina.

Ados, Oriako Itxiko hondakinak ez daude Donostiako erdigunean, udalerriko mugetan baizik, jende gutxik ikusten dituen paraje batean. Baina Udalak ez luke horregatik beste aldera begiratu beharko; izan ere, hondakin horiek Alderdi Ederren bertan baleude bezain legez kanpokoak dira.