Prentsa oharra

% 40k bikotekidearen indarkeria jasan du eta pandemiaren ondorioz zailagoa bihurtu da eurentzat laguntza eskatzea

Elkartean-ek, EAEko Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzaileak, erakundeei eskatu die desgaitasuna duten emakume eta neskatoen aurkako indarkeria mota guztiak ekidin eta desagerrarazteko beharrezkoak diren bitarteko, baliabide eta laguntza guztiak bermatzea, «bizitza oso eta independentea berregin ahal izateko, estigmatizatuak izan gabe eta beraien eskubide bat bera ere kendu gabe».

Gaur Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna delako egin du eskaera Elkartean-ek.

Konfederazioaren ustez, pandemiaren egungo testuinguruan, indarkeriaren biktimentzako, «zailagoa da» laguntza eskatzea, salatzea eta behar dituzten baliabideak eskatzea, «jasaten duten isolamendu, distantzia sozial eta itxialdi» egoeragatik.

Egoera hori «are larriagoa» da desgaitasuna duten emakumeen kasuan. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Makroinkestak (2019) ematen dituen datuen arabera, desgaitasuna duten emakumeen % 21ek bikotekideren baten indarkeria fisikoa edo sexuala jasan du (desgaitasunik gabeko emakumeen % 14k) eta % 40k bikote barruko indarkeria jasan du (desgaitasunik gabeko emakumeen % 32k).

Elkartean-en esanetan, desgaitasuna duten emakumeengan, «inguruneko hainbat zapalkuntza-faktore elkartzen dira, patriarkatuaren kulturarekin eta desgaitasuna ulertzeko modu bakarrarekin lotuta, eta autoestimu eta ahalduntze baxua sustatzen dute».

Horri gehitu behar zaizkio garapen pertsonala, hezkuntza eta lana aukera-berdintasunean «gauzatzeko dituzten mugak». Horrek «mendekotasun-arrisku handiagoa ematen die, eta larriagotu egiten du indarkeria-egoerekiko duten esposizioa, erasotzaileak izan daitezkeen pertsona asko eduki baititzakete inguruan».

Hori dela eta, kolektiboak dei egiten die erakunde publiko eta pribatuei, bai eta gizarteari ere, oro har, indarkeriarekin bizi diren desgaitasuna duten emakumeak agerian jartzeko, eta «parte hartzeko eskatzen die indarkeria prebenitu, hauteman, salatu, konpondu, indarkeriari erantzun, eta emakumeak lagundu eta defendatzeko».

ALDARRIKAPENAK

Zehazki, honako hauek aldarrikatu ditu: indarkeria-egoerak antzemateko eta salatzeko bideak sendotzea; prestakuntza eta informazioa indartzea, salaketa egiteko eta laguntza eskatzeko nora jo jakin dezaten; eragile juridiko eta polizial guztiak deklarazioa hartzera etxera joango direla bermatzea; erasotzailea biktimarengandik urruntzea salaketa jartzen denean eta prozesuaren fase guztietan lagun egiteko eta laguntza pertsonaleko zerbitzuak ezartzen direnean.

Halaber, Elkartean-ek eskatzen du irisgarritasun-baldintzak bermatzea espazio, gailu eta baliabide guztietan prozesuaren fase guztietan (polizia-etxea, polizia-ibilgailuak, etxebizitza-baliabideak, etab.), bai eta laguntza pertsonala eta etxebizitza egokitua ere.

Era berean, indarberritzeko errehabilitazio-zerbitzuak eskuratu eta bizilekua aukeratu ahal izatea eskatzen du, bai eta «lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrietan» enplegu arruntera itzuliko direla edo enplegu arruntean lanean hasiko direla bermatzeko neurriak kontuan hartzea ere.