Prentsa oharra

  • Horrela adierazi zuen atzo Basque Health Clusterreko zuzendari Maria Pascual de Zuluetak, erakundearen X. Urteurrenaren inguruan antolatutako online topaketan, zeinean hainbat arlotako ordezkariek parte hartu baitzuten.
  • Sektoreko enpresa handiak erakartzea, daudenak bultzatzea eta handitzea, tokiko ekoizpena, inbertitzaileak erakartzea eta fase guztietan lankidetza publiko-pribatua sustatzea (produktuaren ikerketatik merkaturatzeraino), funtsezko alderdiak dira Euskadiko biozientzien eta osasunaren sektorearen etorkizunerako, eta hemendik hamar urtera BPGaren %5 sortzea nahi da.
  • Hizlarien baieztapen nabarmenetako batzuk laburtzen dizkizugu:
    • Maria Pascual de Zulueta: Finantzaketa behar dugu modu intentsiboan.
    • Eduardo Anitua: Osasunean inbertitzea herrialdean inbertitzea da. Garrantzitsua da sinestea hemen egiturak sortu daitezkeela eta hemen geratuko direla. Klusterraren aurretik ez geneukan kultura biomedikorik, eta besteek ikertzeko eta argitaratzeko zain egoten ginen. Pandemiak gure burua osasunaren ispiluan begirarazi digu.
    • Javier Garcia: Industria ezin da pentsatu digitalizaziorik gabe. Mila eta milioika datu ez dira erabiltzen. Osakidetzan, berdin. Eta industria osoak hor egon behar du, ezagutza guztia datuen ustiapenetik datorrelako. 15 urteren buruan osasun sistematik etorriko den faktura garestia izango da. Osasun sistemak garapenera hurbiltzen dira, edo jai dute.
    • Marisa Arriola: Kapital publiko eta pribatuaren sistema indartu behar da. Sektore honek inbertsio intentsiboa behar du, baina baita ere hainbat arlotako “expertise” bat, proiektuetan negozio ereduak eta merkatuak onartuko dituen soluzioak definitu daitezen.
    • Luis Castaño: Nazioartekotzea giltzarria da mantentzen saiatzeko. Unibertsitateak alderdi asistentzialarekin eta industrialarekin lankidetza handiagoa izatea falta da, horrek ezin du itxaron.

Euskadiko Osasunerako Zientzia eta Teknologia Enpresen Klusterra (Basque Health Cluster) bere hamargarren urteurrena ospatzen ari da 2020an, eta, esparru horretan, topaketa digital bat antolatu zuen atzo: “BHC behatokia: COVID-19aren ondoko munduaren erronkak. Topaketara ehun lagun inguru bildu ziren, eta Covid-19ak osasun eta ikerketaren errealitatera ekarriko dituen hainbat alderdi landu ziren, sektoreko erreferentziazko profesionalen eskutik.

Online topaketa Klusterreko lehendakari Mikel Alvarezek ireki zuen, eta, Klusterraren proiektuaren hastapena gogoratu ondoren, eskerrak eman eta agerian jarri nahi izan zuen Industria Sailaren (orain Ekonomiaren Garapena) lankidetza etengabea eta babes sendoa, horri esker baita posible Klusterra; aldi berean, sustatzaileak eta fundatzaileak ere zoriondu zituen. Ongietorria Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman zuen, topaketa inauguratuz. Sagarduik nabarmendu zuenez, “gaur, inoiz baino gehiago, begi-bistakoa da Euskadiko biozientzia eta osasunaren arloko enpresen etorkizuna, eta hori harro egoteko modukoa da”. Eta honela jarraitu zuen: “pandemiak egoera zailean jarri gaitu, baina, era berean, agerian utzi du zientzian inbertitu beharra dagoela eta lankidetza publiko-pribatuko sare bat eduki behar dela, eta Euskadi badu horrelakorik, azken urteetan garatutako lanari esker”.

Maria Pascual de Zulueta, Basque Health Clusterreko zuzendaria, biosasunaren susperraldi eta berraktibatze azkar bat hauteman dela esplikatuz hasi zen, pandemiaren lehen hilabeteen ondoren: “Sektore antizikliko bat gara, beste industri sektore batzuenak ez bezalako erritmoetan doana, eta hori nabaritu egin da. Euskadin gure sektoreak hazkunde positiboarekin amaituko du urtea”, aurreratu zuen.

Klusterreko zuzendariak baieztatu zuenez, pandemiak biozientzien sektorerako zerbait ona ekarri badu, hori izan da “fokua gure gainean jartzea, eta batzuek deskubritu egin gaituzte. Industri enpresa handiek inbertitu eta lankidetzan aritu nahi dute, negozio lerro berriak esploratzen eta dibertsifikatzen. Uste dut aukera handi bat dugula ingeniaritza eta biotecha hibridatzearekin, hortik etorriko direlako berrikuntzak Oso aukera garrantzitsua da sektorearen hazkunderako”.

Ildo horretan, Maria Pascual de Zuluetak azpimarratu zuen industrializazioa dela produktuak merkatuan jartzeko modu bakarra. “Uste dut Euskadin tresnak baditugula enpresak 3-4 urtera abiarazten laguntzeko, baina aurrera egin behar dugu osasun sistemarekiko lankidetzan, produktuak merkatura iritsi daitezen. Garrantzitsua da lankidetza hori hastapenetik egotea, garapenean eta balidazioetan, eta gero behar dugu amaierako erabiltzaileak ere, produktua definitzen lagundu digularik, hori erostea”.

Bere iritziz, ‘0 kilometro’ bat eduki behar dugu material sanitarioaren ekoizpenean ere, “beste pandemia batzuk etorriko direlako, eta ekoizpena edukitzea garrantzitsua da”.

Biotechnology Instituteko (BTI) fundatzaile eta zuzendari zientifiko Eduardo Anituak, berriz, nabarmendu zuen garrantzitsua dela kulturan aldaketa bat gertatzea: “Osasunaren arloan soluzioak bilatzen direnean, badirudi kanpotik etorri behar direla. Ez geneukan kultura biomedikorik, eta besteek ikertzeko eta argitaratzeko zain egoten ginen. Garrantzitsua da Euskadiren potentzialean sinestea, eta ahalmena dugula egiturak sortzeko, hemen geratuko direnak”.

Anituak nabarmendu zuen teknologia ekartzeko beharra, baina baita garatzekoa ere. “Euskadin osasun sistema bat dugu, bezero biomediko nagusia dena, orain arte bertako enpresei begiratu ez ziena, eta uste dut oso garrantzitsua dela babes hori egotea. Beharrezkoa da ikasgaia ikastea, eta sektore publiko-pribatu bat edukitzea, ongizate komunaren alde modu kohesionatuan lan egingo duena. Industriak lanpostu ugari sortzen ditu, eta, batez ere, talentua sortu eta atxikitzen du, eta hori oso inportantea da. On da hemen sortzen den ezagutza herrialdean sustraitzea”, baieztatu zuen.

Javier GarciakViralgeneko zuzendari nagusiak, esan zuen beharrezkoa dela idiosinkrasia eta balioak mantentzea, horiei esker iritsi baita Euskadiko biozientzien sektorea gaur egun denera, eta hobetzeko zer aldatu behar den ere azaldu zuen. “Alde batetik: tamaina. Gure sektorearentzat oso alderdi esanguratsua da enpresa traktoreak edukitzea, eta multinazionalek Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatzea; eta berdin talentua garatzea eta ideia berriak ekartzea. Euskadin oso ongi gauzatzen dira ideiak, hori gure bereizgarri bat da, eta sustatu egin behar dugu”, adierazi zuen.

Viralgeneko zuzendari nagusiaren iritziz, osasun sistemak gero eta gehiago ari dira industriara eta produktuaren garapenera hurbiltzen, “horrek sortzen duen balioa ikusi dutelako, eta ikusi dutelako industrian inbertitu eta lankidetzan aritu beharra dagoela, datozen urteetan, biztanle zaharragoekin eta soluzio garestiekin, osasunaren faktura jasanezina izan ez dadin”.

Biocruces Bizkaiko zuzendari zientifiko Luis Castañoren iritziz, Euskadin erritmo egokian ari gara aurrera egiten, eta enpresa-unibertsitate-zentro teknologikoen eta osasun sistemaren arteko elkarrizketa dago: “hori hasita dago, eta emaitzak ikusten hasi gara. Norabide horretan jarraitu behar dugu, eta lankidetza handiagoa aritzen saiatu. Enpresa sare eredugarria dugu, osasun eta unibertsitate sistema on bat, eta orain bilatu behar duguna da nazioartekotzea, gaur egun mundua oso txikia delako, eta beste garapen gune batzuekin konektatuta egon behar garelako”.

Ildo horretan, Castañok eragile desberdinen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen: “Berrikuntza ezin da pentsatu sektore guztien partaidetza gabe. Gure herrialdearen oinarrian makineria asko dago, robotika, eta adimen artifizialari lotutako guztia, eta lankidetza hori arlo profesionalen artean garatzea behar dugu, osasun langileez gain, fisikariak eta matematikariak ere behar ditugulako”, esan zuen.

Puntu horretan, Basque Health Clusterreko zuzendariak gogorarazi zuen garrantzitsua dela datu masiboak erabiltzea produktuak garatzeko, farmakoetatik robotetaraino: “Hori Osakidetzak daukan urre meatze bat da. Industriatik gustura arituko ginateke lankidetzan –jakina, pribatutasun lege guztiak betez–, eta merkatuan jartzeko produktuak eta zerbitzuak garatu, garapen berriak lortzeko, bai gure zentro teknologikoetan bai enpresetan”, esan zuen.

BIC Gipuzkoako zuzendari gerente Marisa Arriolak, berriz, azpimarratu zuen start-upek, kapital laguntza intentsiboa behar izateaz gain, baita ere behar dutela “expertisera” gero eta modu zuzenagoan iristea. Arriolak azpimarratu zuen kontu guztia ez dela farmakoak garatzea, eta gogorarazi zuen Euskadin ekintzailetzako ekimen asko daudela, adibidez, bioingeniaritzaren edo diagnostikoko gailuen esparruan: hori garrantzitsua iruditzen zaigu, euskal enpresa sareari dibertsifikatzeko aukera eskaintzen diolako”.