Prentsa oharra

Erakusketa IKUSGARRIA eta APARTA. Hori da abendu osoan zehar milaka ibiltarik aurkituko dutena Egiako lurpeko pasabidetik oinezko joan-etorrietan, edo tren eta autobus geltokietatik abiatzen
edo irteten direnek.

Parkea Bizirik-ek antolatutako erakusketan duela 30 urtetik eraikitzen, jartzen, garbitzen eta mantentzen dituen habia-kutxen barruan gure inguruko fauna basatiaren irudi argitaragabeak erakusten dira argazki handietan. Kalitatea eta edertasunari dagokienez, irudi asko gure planeta maiteari,

Lurrari, buruzko dokumental handietan agertzen direnen parekoak dira.
Basoak, landaredia, habiak, errunaldiak eta hegazti intsektujale nahiz harrapari gautarren txitoak, habia-kutxak umatzeko, atseden hartzeko edo bizitzeko erabiltzen dituzten ugaztun txikiak.

To 30 urte bete dituen etengabeko lan neketsuaren emaitza! Kutxak Kristina Enea – Gladysen jartzen hasi eta hantxe hasi zen dena. Ondoren, Ametzagaina, Ulia, Larrañategi, Igeldo, Astigarraga, Orereta – Errenteria, Oiartzun eta Aiako Harrira… hedatu ziren.

1.990 eta 2.020 bitartean 7.200 ikuskapen egin dira, eta 2.371 hegaztik aurrera egin dute (heriotzak kenduta). Kaskabeltzak, amilotxak, garrapoak, gerri-txoriak, urubiak… lurpeko pasabidean dituzu, erasotua eta mespretxatua den arren, oraindik ondare naturalaren zati txiki bat badugula erakusteko.

Animalia horiek egiten duten lana naturak funtziona dezan, eta ondorioz, gizakien gauzek ere funtziona dezaten ikaragarria da. Batzuek fruta-arbolen bizkarroiak jaten dituzte, beste batzuek beroketa globala geldiarazten duten basoen osasuna zaintzen dute, eta badira karraskarien hazkundea oztopatzen dutenak ere. Beti ari dira jo ta ke lanean, zaintzan.

Pertsona eta erakunde asko eta askotarikoak izan dira 30 urte hauetan boluntarioekin lankidetzan aritu eta gozatu dutenak ikuskapenak eta mantentze-lanak egiten. Simulazio bat eginez, habia-kutxetatik
atera diren 2.371 hegaztiak Donostiako Añorga auzoko bizilagunak adina lirateke, udal-erroldaren arabera, 2.019an 2.278 pertsona bizi baitziren bertan. Zoragarria dela uste dugu, norbanako eta gizarte
hobeago baten isla.

Ikuskapenetan bildutako datu, argazki eta gertakariekin, urtero landa-koaderno bat idazten da gure hizkuntza zaharrean. Koadernoan habia-kutxa guztiak agertzen dira, haien datu-taulekin, espezieekin,
errunaldi kopuruarekin, jaiotzekin… Bolondresek egindako lan handia da. Euskal Herrian eta, beharbada,

Europa osoan ez dago horrelako lan luze eta zehatz baten zantzurik.
Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak erakusketa diruz lagundu du eta puntuazio bikaina lortu du bertan.

Jasotako zenbatekoa 1.174 eurokoa da, argazkiak inprimatzeko, zinta itsasgarria erosteko eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeko erabili dena.

Ez dago elkarteko kideentzat ordainsaririk. Ez dugu gure zaletasuna erakundeen mendekotasun ekonomiko bihurtu nahi eta horrek profesional handi eta eraginkor bihurtzen gaitu, autozentsurarik, isiltasunik eta ohiko bezero mendekotasunik gabeak.

COVID-19ak eragindako krisia dela eta, aurtengo urriaren 14ra arte ez zaigu jakinarazi erakusketa egin ahal izateko diru-laguntza txikirik jasoko genuen ala ez. Gainera, laguntzaren zenbatekoa %20 murriztu da. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu diru-laguntza bertan behera gelditu balitz erakusketa egin zedin ekarpen ekonomikoa egitea proposatu zuten pertsona guztiei. Eskerrik asko aparteko pertsona horiei. Erakusketa eta jarduera eder hau iragartzen duen bideoaz interneteko helbide honetan goza dezakezue https://youtu.be/jT4yYqgJOlM

Orain, jendeak erakusketaz gozatzea eta orain arte bezala lanean jarraitzea besterik ez da geratzen.